Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 400 lore banatuko ditu, bigarren urtez jarraian, balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketaren deialdia egiteko

2019/05/20

Herritar guztiek har dezakete parte lehiaketan. Horretarako, izena eman behar da, aurretik, maiatzaren 20tik ekainaren 14ra bitartean, Pegoran edo maiatzaren 22an, 10:00etatik 13:00etara, Untzaga plazan egingo den lore banaketan. Izena ematean nahitaezkoa izango da etxe guztietara banatu den inprimakia bete eta entregatzea. Aurten ere izena eman daiteke ingurumena@eibar.eus helbidera mezu bat bidalita.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko bigarren urtez antolatu duen lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Ekimena Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin antolatu du Udalak.

Lehiaketa honen helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Eibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea, eta bide batez, herritarren artean, landareak zaintzeko ohitura zabaltzea. Eibarren ez ezik, Deban, Elgoibarren, Ermuan eta Mutrikun ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.

Lehiaketa eibartar guztiei zabalik dago. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, maiatzaren 20tik ekainaren 14ra arte. Izena emateko hiru aukera daude. Alde batetik, maiatzaren 22an, Untzaga plazan izango den “FurgoBaratzan” (10:00-13:00). Etxebizitza bakoitzeko lore bakarra banatuko da, izakinak amaitu arte. Inprimakia beteta ematea derrigorrezkoa izango da eta lorea jasotzen duenak bere NANa erakutsi beharko du. Bestalde, etxeetara bidali den izen-emate inprimakia Pegoran aurkeztuz. Inprimaki hau pegoran ere eskuragarri dago.Datu hauek biltzen dituen e-mail bat bidaliz ingurumena@eibar.eus helbidera:

      • Titulua: Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa
      • Edukia: Partaidearen izena, abizenak, helbidea, telefonoa eta e-maila.

Izen-ematea formalizatzeko, balkoi edo leihoan kokatu beharreko bereizgarria Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan, jaso beharko da. Balkoi edo leiho parte-hartzailea kaletik ikusteko modukoa izango da eta bereizgarria ikusteko moduan eduki beharko du epaimahaiak identifika dezan. Baldintza hauek betetzen ez badira, ez da balkoi edo leihoa baloratuko.

Epaimahaiak uztaileko lehen hamabostaldian zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko. Balkoiak edo leihoak kaletik ikusteko moduan egon beharko dira; izan ere, epaimahaiak kaletik baloratuko ditu, etxeetara igo gabe. Udaleko Ingurumen Saila telefonoz edota e-mail bitartez harremanetan jarriko da irabazleekin.

Sariei dagokienean, herri mailako bi sari izango dira, bata 200 eurokoa eta bestea 150 eurokoa, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 70 84 08 telefonora dei dezakete edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak udal webgunean eskuragarri izango dituzte: www.eibar.eus (ingurumeneko atalean).