Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak 3.000 euroko laguntza humanitarioa bidaliko du Indonesiara

2018/12/27

Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko den laguntza honekin arindu egin nahi dira Anak Krakatoa sumendiaren erupzioak ekarri dituen ondorio ezin latzagoak: 400dik gora hildako eta milaka lekualdatu

Eibarko Udalak, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez, 3.000 euroko emergentziazko laguntza bat bidaliko du Indonesiako hainbat eskualdetan bizitzen ari diren egoera arintzen laguntzearren. Joan zen abenduaren 23an, Anak Krakatoa sumendiaren —Indonesian bizirik dagoen 127 sumendietako bat— erupzioak eragindako tsunamiak Sonda itsasarteko Java eta Sumatra uharteetako kostak kolpatu eta sekulako kalteak eragin zituen.  Ezbeharra gertatu zenetik etengabeak izan dira alertak erreplikak egon litezkeelako, sumendiak erupzioan jarraitzen du-eta.

Ez zen aurreabisurik eman tsunamia ez zuelako lurrikara batek eragin, sumendi batek baizik. Oraingoz, iturri ofizialek 400 hildakotik gorako kopurua ematen dute; 1.500 pertsona inguru zaurituta daude eta ehun lagundik gora desagertuta.  Azken kontaketa ofizialaren arabera lekualdatutako pertsona kopurua 20.000tik gertu dago eta behin-behineko kanpalekuetan bizi dira, horietako askok goian zerua eta azpian lurra dutela.

Bide asko daude moztuta, urak ekarritako hondakin ugari pilatuta daudelako.  Boluntarioek zailtasun handiak dauzkate leku suntsituenetara iristeko;  alde batetik, tsunamia izan zenetik hona izandako euriteek eta euri-jasek lan guztiak zaildu egiten dituztelako; eta, bestetik, tokirik kaltetuenetako herriak eta hiriak elkartzen dituen errepide nagusia denboraren zatirik handienean kolapsatuta dagoelako.

Gurutze Gorriko iturriek azaldu dutenez, identifikatu dira ahalik eta lasterren erantzun beharreko premia nagusiak: ura, saneamendua, higienea, jatekoak, arropak, sorospen-artikuluak eta osasun-arreta. Une honetan, Indonesiako Sonda itsasarteko hainbat lekutan sakabanatuta, Indonesiako Gurutze Gorriko ehundik gora boluntario daude premia horiei erantzuten.

Indonesiarako Eibarko Udalak eman dituen emergentziazko laguntzako 3.000 euro horiek Gizarte Lankidetzarako Proiektuen alorreko "hondamendi naturaletarako dohaintzak" deritzon partidaren kargu doaz. Udalak bere aurrekontuetan urtero ezartzen du partida ekonomiko bat honelako kasuetarako,  urtean zehar eta munduko edozein lekuetan sortzen diren unean uneko premiei erantzuteko.

Indonesiara Gurutze Gorriaren bidez Udalak orain bidaliko dituen 3.000 euro horiei beste 2.000 euro gehitu behar zaizkie, joan zen urrian herrialde berberara bidali zirenak, irailaren 28an Asiako herrialde horretako hainbat lekutan izandako lurrikararen eta haren ondoren etorri zen tsunamiaren ondorio larriak arintzen laguntzeko igorriak.  Aurten, horiez gain, beste hainbat laguntza ere eman izan ditu Udalak mundu osoan zehar izandako hainbat katastroferen ondorioak leuntzen laguntzeko.  Ekainean, Guatemalara 2.000 euro bidali ziren Fuego sumendiaren erupzioaren kalteak arintzearren.  

Pasadan urtean, 2017an, esandako lankidetza-programa horren barruan, lau diru-laguntza eman ziren Perun, Sierra Leonan, Kariben eta Filipinetan izandako hondamendi naturaletarako; guztira, 11.000 eurokoa izan zen diru-laguntzen zenbatekoa.