Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udala irabazle, hondakinen prebentzio arloko ekimenen lehiaketan

2018/01/29

Ingurumen sailari saria eman diote "Konprometitu gaitezen Eibarrekin" kanpainarengatik, Hondakinak Prebenitzeko Euskadin egin zen Europar Astearen barruan. Kanpaina Hiri Hondakinen Koordinazio Organoak eman du (OCRU).

Eibarko Udalaren Ingurumen sailak iazko azaroaren 13an eta 24an antolatu zuen “Konprometitu gaitezen Eibarrekin” kanpaina irabazle jo du Hiri Hondakinen Koordinazio Organoak (OCRU), administrazio publikoen kategorian erakunde horrek antolatu duen lehiaketan; lehiaketa Euskadin egin zen 2017 Hondakinen Prebentziorako Europar Astearen barruan. 

Hondakinen Prebentziorako Europar Astea (EWWR) Europako Batzordearen ekimen bat da, helburu duena enpresek, administrazioek eta erakundeek, hondakinen prebentzioaren eta birziklatzearen esparruan, egiten dituzten jarduerak ezagutzera ematea.

“Konprometitu gaitezen Eibarrekin” kanpaina Eibarren bosgarren edukiontzia (grisa txiparekin) jartzearekin batera egin zen helburu hauexekin: herritarrak hondakinen prebentzioan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, sortutako hondakinak egoki birziklatzearen beharraz pentsaraztea, hondakinak murrizten laguntzea, produktuak berrerabiltzea, eta udalerria garbi mantentzearen beharraz kontzientziatzea.

Kanpainan, besteak beste, informaziogune  ibiltari bat jarri zen bi astez herriko auzoetan aipatutako gaiak azaltzeko; umeentzako tailerrak egin ziren birziklatzearen eta ingurumena errespetatzearen beharraz sentsibilizatzeko; erakusketa interaktibo bat antolatu zen birziklatutako materialarekin, haur zein nagusiek gozatu eta ikasteko; eta hitzaldi bat egon zen birziklapen sistema berriak eta bosgarren edukiontzia jartzearen ondorioei buruz.

Euskadin egindako 76 jardueretatik, Hiri Hondakinen Koordinazio Organoak (OCRU) nabarmenenak aukeratu ditu, irizpide hauek kontuan hartuta: komunikazio arloko alderdiak eta ikusgarritasun-ezaugarriak; jardunbide egokiak, originaltasuna eta eredugarritasuna; edukien kalitatea; beste ingurune batzuetan ekimena errepikatzeko aukera; inpaktuaren iraupena...

“Konprometitu gaitezen Eibarrekin” kanpaina, Europako gainerako eskualdeetan aukeratutako ekimenekin batera, hautagai izendatuko da Hondakinen Prebentzioarako Europako Sarirako, 2018ko maiatzean. Urteroko sari-banaketan, kategoria hauetako lanak aitortzen dira: administrazio/agintaritza publikoa; elkartea/GKE; enpresak/industria; ikastetxea; eta herritarrak.