Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udala Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen organo exekutiboaren kide izango da

2017/03/07

Euskadin eta estatu mailan aitzindaria den erakundeen arteko guneak bere lehen osoko bilkura egin zuen aurreko ostiralean, martxoak 3, Donostian; baliabideak eta jardunbide egokiak partekatuko ditu. Eibar izango da, Errenteriarekin batera, 10.000 biztanletik gora dauzkaten udalerriak ordezkatuz. Bertan, Ana Telleria, Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduraduna izango da.

Euskadin eta estatu mailan berritzailea eta aitzindaria den proiektu baten kide da aurreko astetik Eibarko Udala: Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunea Gipuzkoan. 2017ko otsailaren 27an egindako Osoko bilkurak aho batez onartu zuen aipatutako espaziora atxikitzea. Gainera, Eibarko Udalak herritarren partaidetzarako erakunde arteko espazioan izango dituen ordezkariak –Ana Telleria (PSE-EE) eta Leire Abanzabalegui (EH-Bildu)– izendatzea ontzat eman zen. Proposamena Gobernu Taldeak egin zuen.

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako 50 udaletako hainbat alkate, zinegotzi, teknikari eta ordezkarik, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Gunearen lehen osoko bilkuran hartu zuten parte aurreko ostiralean, martxoak 3, Donostian kokatuta dagoen foru jauregian. Gune berriaren helburua da herritarren partaidetzarako politikak tokiko mailan elkarlanean sendotzea, baliabideak partekatuta, jardunbide egokiak eta arrakasta izan duten ereduak identifikatu eta konpartituta, eta sarea osatzen duten erakundeen artean aplikatuta. Gune berriak 100.000 euroko aurrekontua izango du aurten horretarako, Aldundiak bere gain hartuko duena.

Aurreko astean onartu zituen Osoko Bilkurak 2017. urterako plangintza eta lan ildo nagusiak. Gainera, Espazio Exekutiboa osatuko duten kideak izendatu zituen. Exekutiboa izango da, hain zuzen, gune berriak erabakiak hartzeko izango duen organu ordezkatzaile nagusia, eskumen garrantzitsuak edukiko dituelarik. Tamaina guztietako Gipuzkoako udalerrien ordezkaritza bermatu da, eta kontuan hartu dira sentsibilitate politiko guztiak. Egitura sinple baten aldeko apustua egin da; malgua, dinamikoa eta eskakizun aldakorrei erantzuteko modukoa izango da bere antolaketa.

Lurraldeko ordezkaritza zabala

Honako pertsona hauek osatuko dute Espazio Exekutiboa: Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako foru zuzendariak, eta Iñaki Elizegik, Aldundia ordezkatuz. Bestalde, 10.000 biztanletik gora dauzkaten udalerriak ordezkatuz, Eibar (Ana Telleria, Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduradunarekin) eta Errenteria izango dira; Urnieta eta Zumarraga, 2.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrien izenean; eta Irura eta Zerain, 2.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak ordezkatuz. Aurreikuspenen arabera, Exekutiboa urtean lautan batzartzea espero da –martxoa, maiatza, urria eta abenduan–, eta gehiengo sinplearekin hartuko ditu erabakiak.

Euskadin eta estatuan aitzindaria

Gune berria aitzindaria izango da Euskadi eta estatu mailan, bere ezaugarriengatik eta osaketagatik. Modu autonomo eta independentean funtzionatuko du eta eskumen garrantzitsuak izango ditu -aurrekontuen ondorioetarako bakarrik atxikiko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuari-. Tokiko erakundeetarako diru laguntzak zehaztuko ditu, lehentasunezko ekintza motak identifikatuta; herritarren partaidetzarako programa zehatzak bultzatuko ditu; hainbat programa diseinatu eta sustatuko ditu, prestakuntza, jardunaldi, topaketa, foro, mintegi eta tailerrak gauzatzera zuzenduta; eta gida metodologikoak jarriko ditu praktikan.

Zeregin nagusienetako bat izango da baliabide gutxieneko udalei, bereziki 5.000 biztanle baino gutxiagokoei, “era guztietako laguntza, aholkularitza eta baliabide” eskaintzea, entzute aktiboen eta herritarren partaidetzaren politikak modu eraginkorrean gauzatu ahal izateko. Laguntza hori ekintza hauetarako erabiliko da, besteak beste: herritarren partaidetzako erakundeen erregistroak egiteko; udal araudiak edo ordenantzak prestatzeko, elkarlaneko gardentasun programak garatzeko, eta datu irekiak eskaintzeko.

Sareko lana eta ezagutzen trukaketa

Gunearen ezaugarri nagusiena sarean lan egitea eta ezagutza nahiz esperientzia praktikoak trukatzea izango da. Hala, herritarren partaidetzako metodologia eta instrumentu jakin batzuk garatuko ditu, bereziki, herri kontsultak egiteko behar direnean. Halaber, estrategia komunak jarriko ditu martxan partaidetzazko aurrekontuen esparruan eta parte hartze prozesuen eta eztabaida parte-hartzaileari lotutako erabakien ereduak zehaztuko ditu.