Eibarko Udala
Udal Artxiboa

Eibarko Udal Artxiboa kalera aterako da berriz ere ostegun honetan, ekainak 11, mende erdiko historia partekatua gogora ekartzeko

2026/06/08
Kartela.

Ikus-entzunezko proiekzio bat egingo da Untzagan, inoiz erakutsi gabeko irudiekin eta azken 50 urteetako oroitzapenekin. Udal Artxiboak bere dokumentu-ondarea kalera hurbilduko du, memoria, teknologia eta identitate kolektiboa uztartzen dituen proposamen batekin.

Artxiboen Nazioarteko Astea dela eta, Eibarko Udal Artxiboa kalera irtengo da berriro, ekainaren 11n, Untzaga plazan egingo den proiekzio publiko handi baten bidez, hiriaren ikus-entzunezko memoriaren zati bat herritarrekin partekatzeko.

Eibarko Udalak antolatutako ekimen honek aukera emango du ibilbide bisual bat egiteko bertako historiaren azken berrogeita hamar urteetan zehar; irudiak udaleko ikus-entzunezko funtsetatik eta desagertutako KTB tokiko telebistan gordetako grabazioetatik jaso dira.

Horretarako, bost metroko zabalera eta bi metroko altuera duen pantaila jarriko da udaletxeko fatxadaren ondoan. Egunean zehar, doako lau emanaldi eskainiko dira: bi goizez, 11:30ean eta 13:00etan, eta beste bi arratsaldez, 17:30ean eta 19:00etan. Euria edo eguraldi txarra eginez gero, proiekzioak Errebaleko plaza estalira eramango dira.

Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, jarduera hau “aukera bikaina da gure historia hurbila birpasatzeko eta Udal Artxiboak gordetzen duen ondare dokumentalaren balio izugarria aitortzeko. Irudiei esker, hiri gisa nola eboluzionatu dugun uler dezakegu, gure aurrekoak gogoratu eta identitate oso markatua duen komunitate bateko kide izatearen sentimendua indartu”.

Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak zera adierazi du: “Artxiboak ez dira soilik dokumentuak gordetzeko espazioak; historia herritarrei hurbiltzeko tresnak ere badira. Proiekzio honek ikus-entzunezko ondarea esperientzia kolektibo eta emozional bihurtzen du, eta gaitasuna du oroitzapenak pizteko eta gure iraganari buruzko begirada berriak sortzeko”.

Ikus-entzunezkoak hiru multzo tematiko izango ditu. Lehenengoak Eibarko paisaia urbanoaren eta ekonomikoaren parte izan ziren toki, eraikin eta enpresak erakutsiko ditu, gaur egun jada desagertu direnak edo erabat aldatu direnak. Besteak beste,  Armen Probaderua, Taltxazelaiko frontoia, Urki eta Alfako eskolak eta hainbat enpresa enblematiko, hala nola Valenciaga eta Star. Halaber, hiriak azken 50 urteotan bizi izan dituen aldaketak erakutsiko dira: Aixolako Urtegiaren inaugurazioa 1982an, Eibarko saihesbidea 1995ean…

Bigarren atala bizitza sozialari buruzkoa izango da. Herriko jaiek, tradizioek, herritarren mugimenduek eta garai bat markatu zuten gertaerek protagonismoa izango dute Eibarko memoria kolektiboan zehar egingo den ibilbide honetan. Hautatutako irudien artean, intsumisoen aldeko manifestazioak, 1995eko Korrika, Eta Kitto aldizkariaren aurkezpena, Eibarko emakume raketistei egindako omenaldia edo 1995eko otsailaren 27an Azitainen gertatutako tren-istripu larria.

Hirugarren atalak Eibarko identitatearen ezaugarri den kirola izango du ardatz. KTBk gordetzen duen ikus-entzunezko funts baliotsuari esker, irudi eta lekuko asko ikusi ahal izango dira Eibarren egiten diren kirol-modalitateei lotuak: futbola, eskubaloia, errugbia, karatea, pilota, judoa, atletismoa, eskalada, igeriketa, waterpoloa, saskibaloia, boxeoa edo herri-kirolak.

Proiekzioen osagarri gisa, emanaldien artean, adimen artifizialarekin egindako irudi historikoak proiektatuko dira, udal-funtsetan gordetako argazkietatik abiatuta. Proposamen berritzailea izango da, iraganeko eszenak ikuspegi bisual eta emozional berri batekin ikusteko aukera emango duena.

Ekimena Artxiboen Nazioarteko Astearen harira antolatu da; izan ere, Artxiboen Astea  Nazioarteko Kontseiluak sustatzen duen egitasmo bat da, artxiboek memoria kolektiboaren zaintzan, gardentasun instituzionalean eta herritarren eskubideen bermean duten zereginari balioa emateko.

Azken urteotan, Eibarko Udal Artxiboak ekimen ugari antolatu ditu dokumentu-ondarea herritarrei hurbiltzeko, besteak beste, tailerrak, bisita gidatuak, irratsaio bereziak, hezkuntza-jarduerak, dokumentalak eta parte hartzeko proposamenak.