Eibarko Udala

Eibarko Pertsona Nagusien Hamabostaldiaren XXV. edizioari hasiera eman zaio

2018/04/06
Pentsio justuen aldeko aldarrikapenetan oinarritzen da eta, zentzu honetan, Alkateak jubilatuen elkartasuna goraipatu du, “hurrengo belaunaldiei ere on egingo dielako”.

Eibarko pertsona nagusien XXV. edizioa apirilaren 4an, asteazkena, aurkeztu zen eta martxan da dagoeneko eguerdi honetan Udaletxean egin den inaugurazioan; bertan parte hartu dute Miguel de los Toyos alkateak, Gizartekintzaren zinegotzi Idoya Sarasquetak, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsionisten Elkarteko presidente Jose Agustin Arrietak eta Eibarko Jubilatuen egoitzetako buruak. Ekitaldian pertsona jubilatu asko egon dira, eta Untzaga Egoitzako Abesbatzak hainbat pieza kantatu ditu, Lorea Ojangurenen zuzendaritzapean.  

Pertsona Nagusien Hamabostaldia Biztuk antolatzen du (Eibarko jubilatuen eta pentsionisten koordinatzailea), Eibarko Udalaren lankidetzarekin batera; gaur hasi eta hilaren 20ra arte hainbat jarduera egongo dira. Aurtengoan, Hamabostaldiaren leloa hauxe da: "%25arekin ere, zaharrok gogor". Leloak mezu bikoitza dauka: hirugarren adinean aktibo eta sasoian egoteko beharra, eta bestetik haserrea pentsioen igoera urria dela eta.

Bere interbentzioan, Miguel de los Toyosek pertsona nagusien lana goraipatu du, bereziki, une honetan, non pentsio duinak aldarrikatzen ari diren, eta baita erakusten ari diren elkartasuna ere; izan ere, orain lortutako edozein hobekuntza onuragarri izango da datozen belaunaldientzat. “Pentsio justuen alde lortzen diren neurri guztiak —gaineratu du— zeuen meritua da". Alkateak gogorarazi du, edonola ere, “hau iraupen luzeko lasterketa bat dela eta zerbait badute jubilatuek hori iraupen-gaitasuna dela”.

Jose Agustin Arrietak, bere aldetik, azpimarratu du “zer lotsagarria" den pentsioen % 0,25eko igoera eta “gutxienez, KPIko igoerak" aldarrikatu ditu; era berean, goraipatu egin du mobilizazioen “espiritu solidarioa”, eta deialdi bat egin du “pentsioek publiko izaten jarrai dezaten eta gero eta duinagoak eta justuagoak”.  “Garrantzitsuena —jarraitu du— ez da urte asko bizitzea, baizik eta urteei bizia ematea”.  

Inaugurazio honen ondoren, datorren asteko egitarauan beste elkarretaratze bat dago deituta astelehenerako Untzagan pentsio duin batzuen alde, txango bat Oñatira eta Arantzazura (asteartean), ate irekien jarduera bat Deparkelen Parkinsonaren Nazioarteko Eguna dela-eta (asteazkenean), eta sexualitateari eta pertsona nagusiei buruzko hitzaldi bat (ostiralean).

Hurrengo astean jarduera hauek egingo dira: beste kontzentrazio bat pentsio duinen alde, Parkinsonean aditua den Javier Ruiz neurologoaren hitzaldi bat, antolatutako jokoen finalak, mendi-ibili bat Elgoibarrera, hildako bazkideen aldeko meza bat Arrateko Santutegian, bazkaria Cantabria jatetxean eta ondorengo omenaldiak.

Pertsona Helduen Hamabostaldiaren eta pentsioei buruzko aurtengo  leloaren haritik, esan behar da Eibarko Udalak mozio bat onartu duela etorkizunean ere pentsioak bermatzeko, "pentsio duinak izateko eskubidea dugulako, elkartasun eta gardentasun testuinguru batean". Eta, bide horretatik, Eibarko Udalak adierazi du jarraituko duela parte hartzen herrian jubilatuen eta pentsionisten elkarteek antolatutako mobilizazioetan.