Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko kaleetan airearen kalitatea neurtzeko ikerketa abian

2016/12/01

Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikorrak Untzagan jaso ditu datuak orain arte; abendu erdialdean Urkizun kokatuko da neurketekin jarraitzeko.

Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak hiriko kaleetan airearen kalitatea neurtzeko  proiektua ipini du martxan. Ikerketa aurrera eramateko, Udaletxearen albo batean kokatu zen aurreko urriaren 25ean Eusko Jaurlaritzaren unitate mugikor bat; unitate horrek dauzka dagozkion tresnak edo instrumentuak, aparatuak eta sentsoreak airearen lagina edo erakusgaia jasotzeko.

Udaletxearen albo batean kokatuta dagoen furgoneta, Laurel&Hardy tabernaren parean dagoena, abendu erdialdera arte egongo da bertan. Jarraian, Urkizuko parkera eramango dute, komun publikoen ondoan kokatuta dagoen tokira, hain zuzen ere, eta bertan lagin edo erakusgai berriak hartuko ditu hilabete eta erdiz.

Ingurumen Saileko zinegotzi den Jon Iraolak azaldu duenez, “kokapenak ez dira ausaz hartu, Eusko Jaurlaritzako teknikariek aukeratu zituzten herriaren aire kalitatearen benetako irudia zein den jakiteko eta, hobetu daitezkeen ekintzak ikertzeko”; izan ere, ikerketa amaitu ostean, datuak herritarren esku jarriko dira.

Udaletxearen albo batean ipinita dagoen unitate mugikorrak neurtzen ditu honako konposatu hauek: karbono-monoxidoa, sufre-dioxidoa, ozonoa, nitrogeno oxidoak eta PM-10 partikula solidoak.

Aurretik ere garatu izan dira Eibarren antzeko ikerketak. 2010eko martxoa eta apirila bitartean airearen kalitatearen inguruko datuak jaso ziren Txaltxa Zelain kokatu zen unitate mugikor batean.  Orduan, ikerketaren emaitzak parametro onargarrien artean kokatu ziren, oraingo osagai berdinen presentzia ikertu eta gero. Duela sei urte, metalen presentzia ere ikertu zen.

Eibarko kaleetan airearen kalitatea neurtzeko ikerketa abian

Udaletxearen albo batean kokatuta dagoen furgoneta.