Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko industria-enpresetan 500 enplegu baino gehiagori eusten lagundu du Eibarko Udalak zuzeneko dirulaguntzen bidez

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/12/10

40 enpresak jasoko dituzte pandemiaren ondorioz onartutako Talka Planaren barruko udal laguntzak. Hasierako partida, 185.000 eurokoa, 240.000 euroraino handitu da, baldintzak betetzen dituzten enpresa guztiek laguntzak jasoko dituztela bermatzeko.

Eibarko 40 industria-enpresak (521 langile) jasoko dituzte 13tik azaroaren 15era bitartean beren plantillak mantendu dituzten enpresentzat Udalak abian jarri dituen dirulaguntzak. Dirulaguntzen programa hau maiatzean pandemiaren ondorioz onartutako Talka Planean sartzen da, eta guztira 240.000 euro bideratuko dira enpresei laguntzeko.

Eskabideak aurkezteko epea amaituta, 52 eskaera jaso dira beste enpresa batzuenak, eta denak aztertuta, erabaki da 40 direla baldintzak betetzen dituztenak.  Emandako dirulaguntzak 5.000tik 15.000 eurora bitartekoak dira industria-enpresa bakoitzeko, emandako puntuazioen arabera; puntuazio hori bereziki langile-kopuruan oinarrituta dago.

Hasieran, Udalak 185.000 euroko partida bat egokitu zuen dirulaguntza hauetarako, baina ikusirik eskabide-kopuruak aurreikuspenak gainditu dituela, kreditu-aldaketa bat egin da 55.000 euro gehiago izateko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun ahal izateko.

Planean sartzeko baldintza hauxe izan da: egiaztatzea aurtengo martxoaren 13tik azaroaren 15era bitartean plantillak mantendu (edo handitu) dituztela.

20 enplegatutik beherako batez besteko plantilla duten enpresek, baldin eta programaren baldintzak bete badituzte, 5.000 euroko dirulaguntza bat jaso dute; 20 eta 50 langile bitarteko plantilla duten enpresetan, dirulaguntza 10.000 eurokoa izan da; eta 50 langiletik gorako enpresentzat kopurua 15.000 eurokoa izan da.

Dirulaguntzen lerro honetaz gain, azken hilabeteotan Udalak hainbat dirulaguntza eman dizkie pandemiaren ondorioak jasan dituzten sektore ekonomikoei. Besteak beste, Talka Planean sartutako dirulaguntzak jaso dituzte langile autonomoek, merkataritza-sektorekoek eta ostalaritzakoek.