Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleei klase partikularrak eskaintzeko ekimena bultzatu du Udalak

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2020/05/11

Ekimena martxan dagoen lehen aste honetan, eskolek proposatutako 24 ikasletatik 8k parte hartu dute Itzamna akademiako irakasleek ematen dituzten eskola telematikoetan.

Eibarko Udalak eskola partikularren doako zerbitzu bat bultzatu du herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, konfinamenduaren eta eskoletara joateko ezintasunaren eraginpean dauden egoera honetan. Ekimena Udalaren eta Itzamna Eibarko akademiaren arteko akordio baten emaitza izan da, bertako irakasleek eman baitituzte eskolak.

Udalak eskaintza helarazi zien ikastetxeetako arduradunei, eta haiek gogotik hartu zuten ideia eta ikasleen behar pedagogikoak azaldu zizkieten. Horrela, orain arte kasu batzuetan modu mugatuan ematen den irakaskuntza-jarduera osatu nahi da, alarma-egoera dela-eta. 

Lehen eskola partikularrak, telematikoki emandakoak, aste honetan jarri dira martxan, 45 minutuko bi saiotan, eta ikastetxeek proposatutako 24 ikasleetatik 8 izan dira aste honetako eskolak jaso dituztenak, taldeka banatuta, bakoitzaren hezkuntza-mailaren arabera. 

Hasiera batean, aurreikusten da ekimena maiatzean egongo dela indarrean, baldin eta ikasleen erantzunak positiboa izaten jarraitzen badu; izan ere, erakundeek iragarritako normaltasunera pixkanaka itzultzeko aurreikuspenen arabera, ikastetxeek maila jakin batzuetarako aurrez aurreko laguntza-eskolak eskaini ahal izango dituzte ekainerako.

Eskolei zuzendutako Udalaren ekimen honi, dagoeneko ezagutzera eman zen Interneterako konexioak eta tabletak ez zituzten ikasleei baliabide hauek emateko ekimena gehitzen zaio, on-line eskolak jaso ahal izateko, Udalak bultzatuta eta SD Eibarrek finantzatua.

Ekimen hauekin, bai eta azken asteotan Udalak bultzatu dituen izaera ekonomiko eta sozialeko beste batzuekin ere, Eibarko Udalak lagundu nahi du ahal den neurrian arintzen COVID-19-ak eragindako alarma-egoeraren ondorioak.