Eibarko Udala
gizartekintza

Eibarko Gizarte Zerbitzuen Harrera Zerbitzuaren jarduerak % 33,7ko igoera izan du 2026ko lehen seihilekoan

2026/07/09
Logotipoa.

Bizikidetza-unitate berrien arreta % 62,2 igo da, eta horrek esan nahi du laguntza sozialaren eskaerak gora egin duela herrian. Etxebizitzarekin eta bizitegi-bazterketarekin lotutako arazoek gero eta garrantzi handiagoa dute udaleko gizarte-zerbitzuek artatzen dituzten egoeren artean.

Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Harrera Zerbitzuaren jarduerak nabarmen egin du gora 2026ko lehen seihilekoan, eta gizarte-arretako udal-sistemara sartzeko ate nagusi gisa finkatu da. Urtarriletik ekainera 691 hitzordu izan dira guztira, 2025eko epe bereko 517en aldean, hau da, 33,7ko igoera izan da.

Datu esanguratsuenetako bat da Gizarte Zerbitzuetara lehen aldiz joan diren edo azken bost urteetan zerbitzuarekin harremanik izan ez duten pertsonen eta familien gorakada. Guztira, 180 bizikidetza-unitate berriri eman zaie arreta; aurreko urteko lehen seihilekoan, berriz, 111 unitate erregistratu ziren, hau da, % 62,2ko hazkundea izan da.

Seihileko balantzeak ere agerian uzten du aztertutako egoerak konplexuagoak direla, batez ere bizitegi-bazterketari lotutakoak. Urteko lehen sei hilabeteetan, erroldarik gabeko 55 bizikidetza-unitateri erantzun zaie, eta 2025ean, berriz, 35i. Horietatik 13 kale-egoeran zeuden edo bizitzeko egokiak ez diren lokal edo guneetan bizi ziren, eta errealitate horrek erakusten du etxebizitza duina eta egonkorra lortzeko gero eta zailtasun gehiago daudela.

Seihileko honetan, herritarrek egindako kontsulten gaiak hauxek izan dira: adinekoentzako baliabideak, mendekotasunaren balorazioak, desgaitasunak, laguntza ekonomikoak, etxebizitza, errolda, arreta goiztiarra, immigrazioa eta gizarte-orientazio orokorra.

Espedienteen eta prestazioen kudeaketari dagokionez, mendekotasunaren 127 balorazio eta berrikuspen (MBB) izapidetu dira, desgaitasunarekin eta arreta goiztiarrarekin lotutako 79 eskaera, 24 laguntza tekniko, etxebizitzarekin lotutako 22 espediente, hainbat prestazio ekonomiko eta gizarte-laguntzako programekin batera.

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, datu horiek "Gizarte Zerbitzu sendoak, hurbilak eta etengabe eboluzionatzen ari den errealitate sozialera egokitzeko gaitasuna dutenak izatea garrantzitsua dela”.

"Zifra bakoitzaren atzean une zailak igarotzen ari diren eta udalean atea zabalik aurkitzen duten pertsona eta familiak daude. Gure betebeharra zerbitzu publikoak indartzen jarraitzea da, inor atzean gera ez dadin, erantzun arinak, humanoak eta koordinatuak eskainiz, gero eta konplexuagoak diren egoeren aurrean", adierazi du.

Iraolak gaineratu du udalak gizarte-politikak indartzen jarraituko duela, "udal-ekintzaren funtsezko oinarri gisa", eta hurbileko arretaren eta gainerako administrazio eta gizarte-erakundeekiko koordinazioaren alde egingo duela, zenbait erronkari aurre egiteko, hala nola etxebizitza eskuratzeko aukerari edo kolektibo jakin batzuen gero eta ahultasun handiagoari.

Bestalde, Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, datuek "Gizarte Zerbitzuek gero eta egoera konplexuagoei erantzuteko sarbide gisa betetzen duten zeregin garrantzitsua berresten dute".

"Igoera nabarmena ikusten ari gara, bai Gizarte Zerbitzuetara lehen aldiz joaten diren pertsonen kopuruan, bai pertsona horiek dituzten beharren intentsitatean. Datu horien atzean pertsonak eta familiak daude, eta orientazioa, laguntza eta akonpainamendua behar dute zaurgarritasun-egoerei aurre egiteko", azaldu du.

Horrez gain, etxebizitzarekin eta erroldatzearekin zerikusia duten egoeren hazkundearekin kezkatuta agertu da zinegotzia.

"Etxebizitza duin eta egonkor bat lortzeko zailtasunak gizarte-bazterketaren faktore nagusietako bat bihurtzen ari dira. Erroldarik gabeko pertsonen kopuruak gora egin du, nahiz eta Eibar izan baldintzak betetzen dituztenei tramite hori errazteko fikziozko errolda ezarri duen udalerrietako bat, eta, era berean, egoitza-egoera oso prekarioak ugaritu dira. Horrek erakundeen arteko koordinazioa indartzera eta herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatuko dituzten neurriak bultzatzen jarraitzera behartzen gaitu".

Archelik alorreko langileen lana ere goraipatu nahi izan du. "Gizarte Zerbitzuetako langileen lana eskertu nahi dut, laguntza hurbila, profesionala eta konprometitua ematen baitute askotariko egoeretan. Haien dedikazioa funtsezkoa da pertsonek arreta egokia jaso dezaten eta behar dituzten baliabideak eta prestazioak eskuratu ahal izan ditzaten".

Azkenik, Udalak gizarte-arreta sendotzeko duen konpromisoa berretsi du.

"Gure helburua irisgarriak, hurbilak eta kalitatezkoak diren Gizarte Zerbitzuak eskaintzen jarraitzea da, gizarte errealitate berrietara egokituz eta herritarren beharrei erantzuteko udalak duen erantzuteko gaitasuna indartuz".