Eibarko Udala
ekialdea

Eibarko ekialdearen eraldaketak aurrera jarraitzen du, jarduketa berriekin eta inbertsio publiko handiekin

2025/08/27
Infografia.

Lanek, irisgarritasun, etxebizitza, berdegune eta komunitate-ekipamendu arlokoek, sendotu egiten dute ingurua biziberritzeko Udalak duen apustua.

Eibarko ekialdearen hiri-eraldaketak Udalaren ardatz nagusienetako bat izaten jarraitzen du.

Azken hilabeteotan, urrats nabarmenak egin dira proiektu berriak garatzen eta martxan dauden obrak aurrera eramaten. Hori guzti hori birgaitze integraleko estrategia baten barruan kokatzen da, helburu duena bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea, erabiltzen ez diren lokalak berreskuratzea eta topagune izateko, zerbitzuetarako eta jarduera ekonomikorako aukerak sortzea.

Proiekturik nabarmenetako bat Barakaldo eta Barrena kaleen artean dagoen Hijos de Gabilondo lantegiko eraikinaren birgaitzea da. Esku-hartze honek bukatua du dagoeneko eraisketa-fasea, eta 1938ko eraikinaren jatorrizko konfigurazioa berreskuratu du. Proiektuak eraikin historikoa mantentzea aurreikusten du,  atzealdeko alboetako handitzeak kenduta; horrek  espaloiak zabaltzeaz gain, aisialdirako guneak eta aparkaleku bat sortzea ahalbidetuko du.  Lanek 8,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute, eta lizitazio-prozesuan daude. Jarduketa hau duela zenbait urte  PSE- EE eta EH- BILDU udal-taldeek sinatutako akordio baten emaitza da.

Aurreikuspenen arabera, pasealekua irekitzearekin batera jarriko da martxan. Horrek, era berean, eremuan dagoen hirigintzaren puntu beltza ixtea ekarriko du, hau da, Elektrozikloen etxebizitzak trenbidearen azpiko hiri-bilbearekin lotzea.

Udalak jarduketa honekin duen helburua argia da: Urkizu-Barrena ingurua biziberritzea, ekintzailetza bultzatzea eta auzoari erabilera anitzeko espazioak ematea, bai jarduera ekonomikoari begira bai bizilagunek erabiltzeko. Eraikinaren estalkia irekia izango da jendearentzat eta urbanizatu egingo da, egoteko eta jolasteko gune gisa. Horrez gain, orubearen ekialdeko eremuak aparkaleku bat hartuko du, eta mendebaldekoak herritarrentzako espazio ireki birnaturalizatutako bat. Proiektu honek ia 5 milioi euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzako Hiri-Berroneratze Sailetik, giltzarria izan dena aurrera eraman ahal izateko.

Jon Iraola alkateak honela adierazi du: “Urrats garrantzitsua egiten ari gara herriaren inguru hori eraldatzeko. Erabiltzen ez zen eraikin enblematiko bat berreskuratzeaz gain, enpresa-jarduera kokatutako da bertan, eta, horrela, herriko eta inguruko ekintzailetzari espazio bat emango zaio, baita jendea elkartzeko eta erakartzeko gune bat sortu ere. Gune horretaz bertako bizilagunak eta eibartar guztiak baliatu ahal izango dira.  “Hijos de Gabilondo” berria erreferente bat izango da gure herriaren etorkizunerako: eraikin moderno eta funtzionala, herriko industria-historia bizirik mantentzeaz batera, herritarrei hainbestetan eskatzen diren elkartzeko guneak emango dizkiona.

Aldi berean, Barakaldo kalea Estaziño-Azitaineko pasabidearekin lotuko dituen igogailuko obrak ere aurrera doaz. Duela zenbait hilabete esleitutako proiektua erritmo onean doa.  Desnibel handiak dituen inguru baten irisgarritasuna hobetzeko premiari erantzutera dator jarduketa hau, eta Eibar lotuago, ibilgarriago eta irisgarriago bat bilatzen duten hirigintzako esku-hartze multzo baten barruan kokatzen da.

Estaziño eta Azitain arteko pasealekuko obrak ere, berroneratze-planaren proiektu enblematikoenetako bat, ezarritako epeen barruan egiten ari dira, eta 2025. urtearen bukaeran amaituta egotea espero da. Azpiegitura hori Europako funtsekin finantzatzen da gehienbat, eta trenbidearen trazadura berdegune, oinezkoentzako gune eta hiri-integrazioko gune bihurtuko du.

Murrategi auzoari dagokionez, Udalak eta Ogasun Ministerioak lankidetzan ari dira berroneratzeko hiru milioi euroko partida desblokeatzeko.

Arazoa sortu zen, Madrilen dirua erreklamatzeko izapideak hastean, udal-taldeak antzeman zuenean — Hirigintza Saileko aholkulari juridikoaren lanari esker — funtsak oker txertatuta zeudela kultura-arloko aurrekontu-partida batean, hiri-berroneratzeari zegokion partidan egon ordez.

Akats hori zuzentzeko eta bitartekoak Udalera iritsiko direla ziurtatzeko, maila goreneko gestioak egiten ari dira Espainiako Gobernuarekin.

Eraldaketa-prozesu honetan sartzen da, halaber, Larrañaga y Elorza eraikina erosi berria; Barrena kalean kokatutako industria-nabea da, ekipamendu komunitarioetarako erabiliko dena.

Bestalde, hirugarren igogailu bat jarriko da lehengo Larrañaga y Elorza lantegia gaur egun dagoen lursailean, Eguzki Begi auzorako sarbidea hobetze aldera. Lotura berri honek Barrena kalea trenbide gaineko pasealekuarekin lotzeaz gain, inguruko etxebizitzetarako sarbidea erosoagoa egingo du.

Azkenik, Udalak Lapeyra enpresarena zen Barrena kaleko 34ko eraikina eskuratu zuen 2022an (550.000 euro inguru), Eusko Jaurlaritzari emateko asmoz, hark babestutako etxebizitzak egin zitzan. Egun, lanean ari dira 2025ean zehar lagapena gauzatzeko. 

"Udal gisa egiten ari garen ahalegina, beste administrazio batzuekin koordinatuta, pertsonei begirako hiri-eredu bizigarriago eta jasangarriago  baten alde egin dugun apustuaren isla argia da", adierazi du alkateak, eta zera gehitu du: “Ekitaldi honetan zehar hiriaren ekialdean hiri-ingurunea berroneratzeko proiektu gehiago iragarriko ditugu, gobernu-talde honek aspaldidanik martxan jarri duen proiektu eraldatzailea sendotzeko balioko dutenak".