Eibarko dendetako eskaparateetan Ignacio Zuloagaren kuadroak jarriko dira abenduan
Aurten betetzen dira 150 urte Ignazio Zuloaga jaio zela. Hori dela-eta, lehiaketa bat egingo da artista eibartarraren obran oinarritua, arropa-denden eskaparateak erabiliz museoko bitrina moduan. Egitasmoa, Ego Ibarra Batzordeak bultzatua, 27 dendatan egingo da datorren abenduan.
Hasieran, Ego Ibarraren asmoa zen Zuloagaren obren formatu handiko kopia baimenduak jartzea Eibarko kaleetan. Baina proiektua aldatu egin da, hainbat arrazoi tarteko: batetik, hasierako ideiaren kostu handia eta esponsorrik ez izatea; baina, batez ere, osasun-krisia izan da Administrazioa behartu duena irizpideak eta jarduerak aldatzera.
Hortaz, gertuko ekonomiari bultzadatxo bat eman nahi izan zaio, tokiko merkataritza sustatuz, bereziki, banaketa-kate handien barruan ez dauden arropa-dendak, besteek badute-eta beren katearen babesa. Horren harira, arropa-dendak aukeratu dira, ugarienak direlako eta eskaparate handienak dituztelako helburuari erantzuteko, alegia, Eibarko pintore unibertsalenaren obra kalean erakustea eta zabaltzea, jende guztiarengana ailegatu dadin.
Dendetako eskaparateetan Ignacio Zuloagaren kuadroen kopiak jarriko dira (100 x 80 neurriko kopiak gutxi gorabehera) abenduan. Jolas modura, egunero denda batean egongo den kuadroaren titulua zein den galdetuko da. Hala, titulua asmatzen duen lehen pertsonak email bat bidali beharko du Udalak emango duen helbidera, eta 100 euroko bonua jasoko du, kuadroa jarrita dagoen dendan erabiltzeko.
Era horretan, Ego Ibarra batzordeak planteatutako proposamenak —2.900 euroko aurrekontua du— Ignacio Zuloagaren obra eta figuraren zabalkundea egitea eta krisi-garaian herriko dendei laguntzea lortzen du. Proiektua aurrera eramateko, lankidetza-hitzarmen bat sinatuko da Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearekin.