Eibarko alkateak Debabarreneko Mankomunitateari eskatu dio ez dezala kobratu errekargua edukiontzi marroia erabiltzeagatik
Gainera, Mankomunitateko lehendakariari bidalitako gutunean, Iraolak adierazi du premiazkoa dela hausnarketa sakona zabaltzea, hondakinen arloan Debabarreneko Mankomunitateak etorkizunean jarraitu beharreko estrategiari buruz. 2019tik (% 57,18) 2025era (% 52) arteko epean, birziklatze-tasa 5 puntu jaitsi da Eibarren.
Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali dio Ion Zubiaurre Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariari, zeinaren bidez berariaz eskatzen dion Mankomunitateak indarrik gabe utz dezala edukiontzi marroiaren erabileragatik kobratzen den errekargua, eta, beraz, eibartarrek ez dezatela halakorik ordaindu beharrik izan.
Eskabide hori eskualde osoko herritarren arten sortu den polemikaren haritik dator; izan ere, tasaren % 40ko errekargua kobratuko da sei hilabeteko epean edukiontzi marroia (hondakin organikoari dagokiona) irekitzeko balio duen txartela gutxienez 24 aldiz erabili ez duten etxeetan.
Iraolak: “Herritarren kexa asko jasotzen ditugu Mankomunitateak gai hau gestionatzen duen moduagatik. Haserrea adierazi digute bai Mankomunitateak errekarguaren berri emanez igorritako gutunagatik eta baita errekargua kobratzeagatik ere. Jendea kontra edukitzea ez da bidea. Horregatik eskatu diot Mankomunitateko lehendakariari, lehenik, gure herrian errekargua indarrik gabe uzteko, eta, bigarrenik, hausnarketa eta eztabaidarako tarte bat zabaltzeko hondakinen arloan Mankomunitateak izan behar duen estrategiari buruz, aurrerantzean horrelako egoerak saiheste aldera”.
“Gure erantzukizuna da eskualde osoari onura ekartzen dizkioten proposamenak entzutea, aztertzea eta proposatzea”, gehitu du Iraolak.
Errekargua aplikatu behar ote den hausnartzea beharrezko dela irizteaz gain, Iraolak uste du gaur egun interesgarria eta beharrezkoa izan daitekeela Mankomunitatean bertan eztabaida sakon bat irekitzea hondakinen kudeaketaren arloan eskualdeak jarraitu beharko lukeen estrategiari buruz.
Entitateen datuen arabera, erreziklatze-kopuruek behera egin dute modu kezkagarrian. 2019an, Eibarko erreziklatze-portzentajea % 57,18 zen; 2025ean, ordea, % 52.
“2019az geroztik, ia 5 puntu jaitsi da birziklatze-tasa Eibarren, eta 3 puntu inguru eskualdean. Bilakaera horrek gogoeta lasai bat eskatzen du, datu horren arrazoiak ezagutzeko eta egoera hobetzeko”.
Iraolak gaineratu du: “Datuak ikusita, garbi dago zerbait ez doala ondo; baina ezin ditugu herritarrak zigortu, espero genuen emaitza izaten ari ez diren erabakiengatik”.
Iraolak azpimarratu duenez, hausnarketa horren helburua egungo kudeaketa eta Mankomunitatean hartzen ari diren erabakiak sakon eta arretaz aztertzea izango litzateke, bai eta alternatiba eta ekintza berriak aztertzea ere, hala nola kontzientziazio-kanpainak, betiere birziklatzea hobetzeko, herritarrak prozesuan inplikatzeko, kostuak murrizteko eta eskualdeko udalerri guztietarako zerbitzuen eraginkortasuna bermatzeko.
“Benetan funtzionatuko duen eredu bat topatu behar dugu. “Egiten dugunak, herritarrak birziklatzera bultzatu beharrean, haserrea sortzen du —% 40ko errekarguaren neurriarekin gertatu den bezala—, eta uste dut beharrezkoa dela jarraitu beharreko bidea aztertzea ", adierazi du Iraolak.