Eibarko Udala
Eibar modan

“Eibar modan” desfilearen hirugarren edizioa egingo da maiatzaren 15ean Errebalen

2026/05/13
Kartela.

Errebalen, 20:00etatik aurrera.

Eibar Modan ekitaldiak berriz ere modaren, sormenaren eta bertako merkataritzaren erakusleiho bihurtuko du Eibar maiatzaren 15ean, 20:00etan, Errebalen egingo den desfilearekin.

Eibarko Merkatarien Elkarteak antolatu du desfilea, Eibarko Udaleko laguntzarekin. Aurtengoa 3.  hirugarren edizioa izango da, proposamen bisualago, dinamikoago eta profesionalago batekin. Ekimen hau herriko merkataritza sustatzeko eta modari ikusgarritasuna emateko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da.

Herriko 20 denda baino gehiagoren proposamenak ikusiko dira, besteak beste, haurrentzako eta helduentzako moda, osagarriak, optika, lentzeria eta bainujantziak. Guztia eszenaratze zaindu, garaikide eta hurbil baten bidez aurkeztuko da.

Blenda ile-apaindegiak pasarelan desfilatuko duten pertsonak orraztu eta prestatuko ditu.

Aurten, 5 eta 80 urte bitarteko 70 eibartar baino gehiagok  hartuko dute parte desfilean; hala, pasarela anitza, belaunaldi artekoa eta herritarrengandik oso gertukoa izango da.

Gaueko unerik berezienetako bat Eibar Moda SORTZEN lehiaketan sortutako diseinuen aurkezpena izango da. Parte-hartzaileek euren sorkuntzak pasarelan erakutsiko dituzte, eta epaimahaiaren azken erabakia desfilean bertan emango da ezagutzera. 200 euroko hiru sari emango dira, eta talde irabazleak Alfako joskintza-lehiaketa nazionalean parte hartzeko txartela lortuko du.

Amaitzeko, Goi Argi elkarteko 14 emakumek desfilea itxiko dute sorpresa batekin.

Modaz gain, bertako talentua, sormen berria eta gertuko merkataritzaren garrantzia nabarmendu nahi dira, herriko motor sozial, kultural eta ekonomiko gisa.

Antolakuntzatik adierazi dutenez, “Eibar Modan desfile bat baino askoz gehiago da; merkataritza, sormena eta pertsonak elkartzeko modu bat da, Eibartik eta Eibarrerako sortutako ekimen bizi eta hurbil batean”.

Ekitaldia publikoarentzat irekia izango da, edukiera bete arte.