Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar Kirol Elkartearen eta Real Madrilen arteko partidaren aurretik, hainbat jarduera egongo dira bihar, azaroak 9

Eibar Kirol Elkartearen eta Real Madrilen arteko partidaren aurretik, hainbat jarduera egongo dira bihar, azaroak 9

Artxiboko argazkia.

2019/11/08

EMGI Eibar Merkataritza Gune Irekiko ostalarien kolektiboak antolatu du programa, eta Eibarko Udalaren laguntza ere badu.

Bihar, larunbata, Eibarrek eta Real Madrilek jokatuko duten futbol partidaren aurreko orduetan hainbat jarduera izango dira hiriko kaleetan. Horrelako kirol ekitaldiak aprobetxatuz hiria animatzea eta dinamizatzea da helburua; EMGIko ostalarien kolektiboak antolatu du, Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Programa 13:00etan hasiko da. Ustekabe fanfarrea Estaziño kaletik irten eta Unzagaraino abiatuko da, Eskozia la Bravak plazan antolatu duen paella solidarioarekin bat egiteko; ostalariek edariak jarriko dituzte. Ondoren, kalejirak San Juan kaletik jarraituko du.

Aldi berean, eta biharko aurreikusitako eguraldi txarra kontuan hartuta, trikitilari talde batek Untzaga aldea animatuko du arkupeetan ibilaldiak eginez. Halaber, Kolpez Blai taldeak, 13:00etatik aurrera, eta RocKalean taldeak, 14:00etatik aurrera, Eibarko erdigunea girotuko dute eta Ipuruako futbol zelairaino igoko dira, futbol partida ikustera.

Ostalariek antolatutako jardueren helburua da egun berezietan, esaterako, biharko futbol-partidan, herria girotzea. Horren haritik, esan beharra dago Udala beti dagoela lankidetzarako prest, halako elkarte eta kolektiboen ekimenak bultzatu eta herriko ahalik eta leku gehienak girotzeko.