Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar FITURen da, Nazioarteko Turismo Azokan

2017/01/19

Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokak atzo asteazkena ireki zituen ateak. Bertan, Debabarreneko eskualdea naturaz eta turismo jasangarriaz gozatzeko helmuga modura promozionatuko da datorren igandera arte; horixe baita, funtsean, aurtengo edizioaren leitmotiv nagusia: turismo jasangarriaren sustapena.

Debabarreneko eskualdea FITURen da beste behin. Nazioarteko Turismo Azoka atzo asteazkena hasi eta igandera arte, hilak 22, egongo da irekita eta aukera paregabea izango da, ezbairik gabe, eskualdea eta bere eskaintza turistikoa promozionatzeko. Madrilgo turismo topagune ospetsuak Turismo Jasangarriari eman nahi dio garrantzia edizio honetan eta espero da Debabarreneko eskaintza turistikoak bisitari asko erakartzea, eskualdearen apustu turistikoa ildo horretatik baitoa.

Euskadi-Basque Country standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan dagoen eskualdeko ordezkaritzak Eibarko Armagintzaren Museoaren X. urteurrenaren berri emango die bisitariei, orain hamar urte ateak ireki zituenetik erakarpen turistiko bihurtu baita, eskaintzen dituen behin-betiko erakusketa eta bisita gidatuak tarteko. Horretarako, Eibarko Udalaren ordezkari gisa joan da Madrilera Kultura eta Euskara zinegotzia, Patxi Lejardi.

Gainera, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa… beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (Mutriku, Deba eta Zumaiak osatua). Horren harira, nabarmentzekoa da Geoparkeak aurten presentzia bikoitza izango duela Fitur turismo azokan. Batetik, Euskadi-Basque Country-ko standean izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan. 

Madrilera gure eskualdeko ordezkaritza bat hurbildu da: Mutriku, Deba, Eibar eta Ermuko Udalak; Debegesa Garapen Agentziako Turismo saila; Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoak, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak.

Eibar FITURen da, Nazioarteko Turismo Azokan

Argazkia: DEBEGESA.

etiketak: Fitur, Turismoa, Eibar