Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar eta Elgoibar lotzen dituen bidegorri berria inauguratu dute

 Erakundeetako ordezkariak bidegorri berriaren inaugurazioan.

Erakundeetako ordezkariak bidegorri berriaren inaugurazioan.

2020/12/30

Bide berria -guztira 2,1 kilometro luze eta 3 metro inguruko zabalerakoa- jardunbide egokien adibide gisa proposatu dute Europan, eta bat dator ‘Erresistentzia eta Erresilientzia’ proiektuekin, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren estrategian.

Gure hiria Elgoibarrekin lotzen duen bidegorri berria errealitate bihurtu da. Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiarekin, Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin eta Ane Beitia Elgoibarko alkatearekin batera inauguratu dute Debabarreneko bi biztanlegune nagusiak, Eibar eta Elgoibar, oinezkoentzat eta txirrindularientzat lotzen dituen bidegorria, Azitain - Maltzaga bide-tartea amaitu ondoren. Hortaz, ezarritako epeak bete dituzte eta bidegorri hori oso-osorik ireki dute herritarrentzat 2020. urtea amaitu baino lehen.

Lehenengo bide-tartea joan den irailean amaitu zen, eta Eibar eta Elgoibar txirrindularientzat eta oinezkoentzat konektatzen dituen bidegorri osoa —2,1 kilometroko luzera— abenduan amaitu da, eta Debabarreneko txirrindulari eta oinezkoen mugikortasunerako funtsezko trazadura eskaini du. Azitain eta Maltzaga konektatzen dituen bide-tarteak lau pasabide ditu zailtasun geografikoa gainditzeko eta txirrindulari eta oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzeko. Horietako bik 80 metrotik gorako luzera dute, eta Ego ibaia eta Deba ibaia eta GI-627 errepidea zeharkatzen dituzte, hurrenez hurren.

Bidegorri berri hori egiteko 5,1 milioi euroko aurrekontua izan da. Guztira 2,1 kilometroko luzera eta 3 metro inguruko zabalera du ibilbidearen zati handi batean. Horri esker, txirrindulari eta oinezkoen joan-etorri arin eta segurua har dezake, eta behin betiko lotzen du Eibar - Maltzaga - Elgoibar ardatza. Hala, eremu horretako bi herri populatuenen arteko txirrindulari eta oinezkoen lotura osatzen da.

Azitain - Maltzaga bidea jardunbide egokien adibide gisa proposatu dute Europar Batasunean. Horrek ikuspegi berritzaileak aplikatzearen onarpena dakar, legeria betetze hutsa gainditzen baitute eta argi eta garbi erakusten baitituzte herritarrentzako onurak. Jarduketa horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren baterako finantzaketa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 EGEF programa operatiboaren esparruan. Izan ere, aurten Europatik itzuli du bidegorria eraikitzen inbertitu den diru guztia.

Gainera, proiektua bat dator ‘Erresistentzia eta Erresilientzia’ proiektuekin, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Mugikortasun Seguru, Jasangarri eta Konektatuaren estrategian.

Azitain-Maltzaga bidegorriaren inaugurazioa