Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar-Ermuko Gurutze Gorriak 200 ekintza baino gehiago egin ditu Eibarko Udalarekin adostutako lankidetza akordioaren ondoren

Eibar-Ermua Gurutze Gorriko logotipoa.

Eibar-Ermua Gurutze Gorriko logotipoa.

2020/04/03

Laguntza-protokolo hau abian jarri zenetik igarotako 15 egun hauetan, boluntarioek 223 ekintza egin dituzte guztira: elikagaiak eta sendagaiak erosi, laguntza ekonomikoak eman eta supermerkatuek emandako elikagaiak banatu dituzte. Adinagatik eta/edo mendekotasunagatik etxetik atera ezin diren pertsonei ematen ari zaizkie laguntza horiek, bai eta alarma-egoeraren ondorioz egoera larriagotu egin zaien baliabiderik ez duten pertsonei edo familiei ere.

Eibarko Udalak eta Eibar-Ermuko Gurutze Gorriak martxoaren 18an adostutako lankidetza-akordioaren ondorioz, orain arte, ekimenean parte hartzen ari diren boluntarioek 223 ekintza egin dituzte.

Horrela, Gurutze Gorriak Alkatetzari igorritako txosten batean jasotzen duen bezala, non Eibarren lehen 15 egun hauetan emandako laguntzen balantzea egiten baita, 67 pertsonari eta/edo familiari lagundu zaie, batzuei elikagaiak eta/edo sendagaiak erosiz, eta beste batzuei laguntza ekonomikoa emanez, egoera bereziki ahulean daudelako.

Era berean, joan den martxoaren 30az geroztik, supermerkatuek emandako elikagaiak entregatu zaizkie egoera ahulean dauden 71 familiari. Gainera, egoera hori larriagotu egin da alarma-egoeraren eta zenbait gizarte-zerbitzu ixtearen ondorioz, hala nola Elikagaien Bankua, joan den martxoaren erdialdera arte normaltasunez funtzionatzen baitzuten.

Datu horiek laguntzarako protokolo honen garrantzia islatzen dute, eta eibartarrek erakutsitako elkartasunari esker, azken aste hauetan indartuz joan da.

Bestalde, udal sail ezberdinak erakunde pribatuek eskaini dituzten laguntza modu berriak aztertzen ari dira, behar gehien duten eibartarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzeko.

Ildo horretatik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie ekintza solidario horiek abian jarri zirenetik Gurutze Gorriarekin lankidetzan aritzeko prest agertu diren pertsona guztiei, eta baita elikagaien eta material higieniko-sanitarioaren dohaintzak egiten ari diren persona eta enpresa guztiei. Eurei esker, COVID-19ren ondoriozko osasun-alarmako egoera honetan bereziki ahulak diren eibartarrei laguntza ematen ari gara.