Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar ekintzaileen hiriburu izango da ostegun honetan Ikasenpresa Azokaren VII. edizioarekin

2018/01/31

Ekimena egingo da berriz ere Untzaga plazan eta Txaltxazelaian; Lanbide Heziketako 1.700 ikaslek beren produktuak erakutsi eta saldu egingo dituzte.

Otsailaren 1ean, ostegunean, Ikasenpresa Azokaren beste edizio bat egingo da Eibarren. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Lanbide Heziketako 1.700 ikaslek parte hartuko dute eta hirurehun “ikasenpresa” baino gehiago aurkeztuko dituzte. Parte hartzaileek goiz osoan zehar (10:30etik 13:30era) erakutsiko dituzte beren produktuak Txaltxazelaian eta Untzaga plazan egongo diren karpetan.

Ikasenpresa —aurten zazpigarren edizioa da— Tknikak antolatzen du Eibarko Udalarekin batera, gure herria bihurtu baita Lanbide Heziketako ikasleen hitzorduaren urteroko egoitza. Tknika Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bultzatua.

“Udala azoka honetan parte hartzea ekintzailetzarekin eta ekimen berriak sustatzearekin dugun konpromisoaren adierazgarri da”, esan zuen Alberto Albistegui zinegotziak eta Garapen Ekonomikoaren arduradunak Ikasenpresaren edizio berria aurkeztean.

Heziketa-programa bat da, ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen dena. Egitasmoaren helburuak, besteak beste, hauexek dira: enpresaren mundua gelara gerturatzea, ideia berriei ekiteko gaitasuna, beste kultura eta errealitate batzuetara gerturatzea eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea.

Horretarako, ikasleek enpresa txiki bat jartzen dute martxan eta harekin lotutako jarduera guztiak egiten dituzte: irudi korporatiboa, administrazioa, marketina edo salerosketak. Haien produktu edo zerbitzuak errealak dira, ikasleek berek egindakoak edo komertzializatutakoak. Eta, ikastetxeetan egiten duten lana indartzeko asmoz, otsailean azoka egiten da Eibarren, ikasleek salmenta-puntua landu dezaten eta publikoari beren produktu eta zerbitzuak eskain diezazkioten.

Ostegunean Ikasenpresa Azokan parte hartuko duten 1.700 ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Hezkuntzako 78 ikastetxetatik datoz, eta denen artean hirurehun “ikasenpresa” baino gehiago aurkeztuko dituzte, iaz baino ehun bat gehiago. Aurten aurkezten diren “ikasenpresetatik”, 158 Gipuzkoako ikastetxeetakoak dira, 135 Bizkaikoak eta 24 Arabakoak.

Iñaki Mujika Tknikako zuzendari exekutiboak aurkezpen-ekitaldian azaldu zuenez, Hezkuntza saila hiru ardatzen inguruan lan egiten ari da. Lehena, LH sistema bera da, bigarrena berrikuntza (Tknikak koordinatua), eta hirugarrena ekintzailetza; “horren harira, Eusko Jaurlaritzak garrantzi handia ematen dio ekintzailetzari, gure gazteen formazioari, haren bidez ekintzaileak izan daitezen bere bizitzaren esparru guztietan”. Adierazi zuen "Ikasenpresa programaren aldeko apustua egiten jarraituko dutela".