Eibarko Udala
egoaizia

Egoaizia erakundeak 25 urteko ibilbidea egin du kooperazio eta konpromiso eraldatzailearen bidetik, Eibartik mundura

2025/05/14
Egoaizia elkarteak bere 25. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren prentsaurrekoaren irudia.
Egoaizia elkarteak bere 25. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren prentsaurrekoaren irudia.

Mende laurdena ospatzeko, Eibarko Gobernuz Kanpoko Erakundeak egitarau berezia prestatu du memoria, elkartasuna eta etorkizun konprometitua batzen dituena. Elkarteak, hasiera-hasieratik Eibarko Udalaren babesa jaso duenak, 128 proiektu baino gehiago abiatu eta pertsona askori (109.880) lagundu die 25 urteko ibilbidean.

Egoaiziak, orain dela 25 urte garapenari begira Eibarren jaiotako gobernuz kanpoko erakundeak, bere ibilbidea ospatzeko mezu argia aukeratu du: zubi solidarioak eraikitzen direnean, mundua txikitasunetik eraldatu daiteke, errespetuan, justizian eta kooperazioan oinarrituta. Erakundeak urtean zehar egingo den jarduera-egitarau zabala iragarri du; memoria eta etorkizunarekiko proiekzioa batuko ditu, eibartarrekin batera egindako bidea eskertu eta Hegoalde Globaleko komunitateekin aliantzak osatzen jarraitzeko asmoz.

Sortu zenetik, eraldaketa sozialera begira, Egoaiziak 128 nazioarteko kooperazio- eta hezkuntza-proiektu bultzatu ditu, horietako asko Eibarko Udalaren etengabeko babesari esker, hastapenetatik egin baitzuen Udalak  herritarren ekimen honen aldeko apustua. Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Egoaizia eibartarren munduarekiko konpromisoaren alderdirik onena islatzen du. Elkarteak gure herriaren bihotz solidarioarekin bat egiten asmatu du, urrutikoak diren arren, zuzenean interpelatzen gaituzten errealitateekin. Udalean lan honen alde egiten jarraituko dugu, argi baitugu justizia sozialak ez daukala mugarik”.

Elkarteak berak dioenez, “Egoaizia komunitate ameslari, ekintzaile eta eraikitzaile baten isla da.  Mende laurden geroago, jarraitzen dugu eraldaketa sozialean sinesten konpromisotik, errespetutik eta ekintza kolektibotik.  Ospakizun hau ez da itxiera bat; aitzitik, abiapuntu berri bat da etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoetarantz.”  

Erakundearen nazioarteko aliantza nabarmenen artean dago Peruko CIPCA erakundearekin batera osatutakoa; izan ere, 60 proiektu baino gehiago garatu dituzte elkarrekin Piura eskualdeko landa-garapena bultzatzeko.  Elkarlan honi esker, 28.000 pertsona baino gehiagoren bizi-kalitatea hobetzea lortu da, hainbat arlo ardatz hartuta, hala nola haur-osasuna, urarekiko sarbidea, emakumeen ahalduntzea, hezkuntza- eta osasun-azpiegitura, eta tokiko ekonomia jasangarrien bultzada.

“25 urte hauetan zehar, Egoaiziak 128 tokiko proiektu sustatu ditu, baita Hegoalde Globaleko Perun, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Etiopian, Kolonbian eta Hondurasen ere.

Herri mailan, Egoaiziak hausnarketarako eta aldaketarako bidea ireki du, desberdintasun globalen inguruko kontsumo arduratsua, herritarren parte-hartzea, boluntariotza eta kontzientzia kritikoa bultzatuz. Bazkari solidarioa, Kontsumo Arduratsuaren Azoka, Hezkuntzagatiko Mundu mailako Kanpaina edo Bidezko Merkataritzaren Eguna dira antolatutako jardueretako batzuk, ahalbidetu dutenak beste errealitate batzuk hurbiltzea Eibarko egunerokotasunera.  Aipamen berezia egin behar zaio Eibar Eraldatuz proiektuari. Mapa interaktibo bat da, ekonomia etikoago, jasangarriago eta solidarioagoekiko konpromisoa duten gure herriko 30 saltoki eta zerbitzu baino gehiago jasotzen dituena.

Erakundearen 25. urteurrena dela-eta, Egoaiziak urte guztian zehar martxan egongo den “EraldEIBAR” izeneko egitarau berezia antolatu du: “25 urte Hegoaldeko komunitateak  eraikitzen, indartzen eta elkartzen eibartarren Kooperazio- eta elkartasun-zubien bitartez”. Herritar guztientzat irekiak izango diren ekitaldien bidez, erkutsi nahi da elkartasun-konpromisoa eta nazioarteko kooperazioa oinarri izan dituen mende laurden batek izan duen inpaktua.

Egutegi honi hasiera emango dion ekitaldia maiatzaren 17an izango da Untzaga Plazan: Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna. “Iraganeko aztarnak, etorkizuneko haziak: bidaia bat bidezko merkataritzan zehar” lelopean, ekitaldiaren xedea da herritarrek gure kontsumo-erabakiek duten inpaktuaz hausnartzea.

10:00etatik 14:30erako tartean, bidezko merkataritzako produktuekin egindako dastaketak, haurrentzako tailerrak, otar solidarioen zozketa eta beste hainbat jarduera ere egongo dira. Familia-giroan igarotzeko moduko goiza izango da, kontsumo-eredu bidezkoago, humanoago eta jasangarriago baten aldeko apustua egin dezagun.

Ekainean, Arrate Kultur Elkartean, Etiopian oinarritutako  “BUNA: Voces tras el Silencio” izeneko argazki-erakusketa egongo da ikusgai. Ekainaren 2tik 27ra bitartean egongo da zabalik, eta inaugurazio-ekitaldi berezia egingo zaio ekainaren 5ean (osteguna).

18:00etan hasiko da ekitaldia, Kunom Hailuk,  Etiopiako 4yBIN GKEren zuzendariak, gidatutako bisitarekin. Jarraian, BUNA dokumentalaren proiekzioa egingo da, eta ondoren solasaldi ireki bat zuzendariarekin eta herriko ordezkariekin.  Amaitzeko, Etiopiako gastronomia-produktu tipikoen dastaketa  egingo da, eta baita kafearen inguruko zeremonia tradizional bat ere.

Erakusketan Ximena Borrazas, Edgar Gutiérrez eta Iñaki Luis (dokumentalaren egilea)  argazkilari ezagunen lanak egongo dira. Horien bitartez, irudi eta testigantzen bidez, Hegoalde Globalean isilarazitako ahotsei leiho bat irekitzeaz gain, kulturarteko elkarrizketa bultzatzen da herrian.

Urriaren 11n, larunbata, Egoaiziak berriz ere Untzaga plaza beteko du Biolur elkartearekin batera antolatutako Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azokaren beste edizio batekin. Eibartarren agendan dagoeneko errotuta dagoen hitzorduaren 10. edizioa izango da aurtengoa; informazio-postuak, tokiko produktuak, eta publiko guztientzako jarduerak zein proposamen jasangarriak egongo dira, gure eguneroko ohiturak alda ditzagun.

Egitarauari amaiera emateko, azaroaren 22an, Portaleko Areto Nagusian omenaldia egingo zaie 25 urte hauetan Egoaiziaren ondoan egon diren pertsona, kolektibo eta erakundeei.

“Eibarren ereindako hazi solidario baten fruituak” izeneko ekimenaren bitartez, erakundearen ibilbidean zehar bidaiatuko da, eibartarrek mundu bidezkoago eta solidarioago bat sortzeko izan duten garrantzia azpimarratuz.