Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Egigurentarren plaza berritzeko lanak enkantean jarri ditu Eibarko Udalak

2015/07/17

Plazako eta arkupeetako zoladura berritzea, sarbideak hobetzea eta oraingo antolamenduan neurriak hartzea izango da egitekoa. Lanok 871.039,77 euroan jarri dira enkantean (BEZa barne), lau hilabetean egiteko. Eskaintzak irailaren 4ra arte aurkez daitezke, Pegoran.

Eibarko Udalak enkantean jarri ditu Egigurentarren plaza berritzeko lanak, 871.039,77 euroan (BEZa barne), lau hilabetean egiteko. Zoladura berritzea eta argiztapen publikoaren instalazioa birmoldatzea izango da zeregina.

Lanak bai plazan bertan, parkea dagoen tokian, eta bai haren inguruan egingo dira, arkupeen eremuan ere bai. Zoladura berrituta, batetik, inguruaren iragazgaiztasuna eta isurbideak hobetuko dira, eta horri esker ura ez da sartuko lur azpiko garajeetara eta lokaletara, eta, bestetik, irisgarritasunaren arloan eta plazaren oraingo antolamenduan zerbait egiteko aukera izango da.

Hala, lau arrapala jartzeko asmoa dago, plazatik arkupeetara errazago sartzeko, baina oraingo koska kendu barik.

Gainera, proiektuaren arabera, hiru harmaila jarriko dira, Egigurentarren kalearen eta plazaren artean dagoen koska gainditzeko, eta, harmaila horietara iristeko, bi eskailera sail jarriko dira, sail bakoitza albo banatan.

Jolas-parkea plazaren erdialdean egongo da gero ere, baina hori ere berritu egingo da birmoldaketarekin, umeentzako jolas berriak jarrita. Hiri-altzariak ere berrituko dira, banku eta zakarrontzi berriak jarrita, eta iturria harmailen oinean jarriko da, eta landareontzi berriak ere jarriko dira.

Arkupeetan egin beharreko lanei dagokienez, zoladura berria jartzeaz gainera, sabaia, hormak eta zutabeak margotzeko asmoa dago.

Argiztapen publikoa ere berrituko da, bai plazakoa eta bai arkupeetakoa, eraginkorragoa izateko eta argiaren kalitatea hobetzeko.

Lan horiek guztiak egiteko eskaintzak irailaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira. Horretarako, behar diren agiri guztiak Pegoran aurkeztu beharko dira. Enkantean parte hartzeko interesa duten enpresek Eibarko Udalaren webgunean (www.eibar.eus) eskura dituzte baldintza administratiboen orriak eta proiektua eta behar den dokumentazio guztia, Kontratatzailearen Profila atalean.

Multi-jokorako lekua zezen-plazan

Eibartarrentzat kirola egiteko tokiak egokitzen jarraitzeko asmoz, datorren hilean, abuztuan, enkantera aterako da zezen-plazan multi-jokorako eremu bat sortzeko proiektua. Egin beharreko lana, batetik, zezen-plazaren oraingo kota jaistea eta hormigoizko oinarri batekin estaltzea izango da. Oinarri horretan, tenis-pista bat eta erabilera anitzeko pista bat margotuko dira, egin asmo diren kirol jarduerak egin ahal izateko.

Harmailak babesteko, hesiak jarriko dira, inor ez dadin sar ez han eta ez zezen-plazako beste toki batzuetan.

Neurri horiez gaitera, beste batzuk ere hartu ahal izango dira, herritarrentzat zabaltzen denetik guneari zelako erabilera ematen zaion.

Proiektua 128.300,85 euroan jarriko da enkatean (BEZa barne), eta irailaren erdialderako adjudikatzea da asmoa.

Umeentzako parkeetarako beste lan batzuk

Herrian umeentzako jolas-parkeak sortzea eta hobetzea izan da Eibarko Udalaren zereginetako bat azken urteetan, Eibarko neska-mutilek aisialdian dituzten behar berriei erantzun nahian.

Hala, agintaldi honetan, Txaltxa Zelai estaltzeko lan arrakastatsuari jarraituz, altzariak eta jolas-eremuak berrituko dira, beste jolas-eremu batzuk sortuko dira, eta parke estalien sare bat ere sortuko da, euria egiten duen egunetan ere erabili ahal izateko parkeok.

Besteak beste, Amañan, Urkin, Ipuruan eta Urkizun egingo dira lan horiek.