Eibarko Udala
dirulaguntzak

Dirulaguntza berriak tratamendu terapeutikoan dauden pertsonentzat eta herriko entitate sozialentzat

2025/04/29
Eibarko Udala.
Eibarko Udala

Desintoxikazio-prozesuan dauden pertsonek autonomia erkidegoko zentro terapeutikoetara joateko garraio-gastuei aurre egin ahal izango diete. Halaber, 40.000 euro bideratuko ditu Udalak herriko irabazi asmorik gabeko elkarteek sustatutako proiektu sozialetarako.

Eibarko Udalak aurrera egiten jarraitzen du ongizatearen eta gizarteratzearen aldeko apustuan, dirulaguntzen bi lerro berri abian jarriz desintoxikazio-prozesuetan dauden pertsonei laguntzeko eta udalerriko gizarte-erakundeen lana indartzeko.

Lehenengo lerroaren helburua da mendekotasun-arazoengatik tratamenduan dauden pertsonak zentro terapeutikoetara joatea erraztea, tratamenduarekiko atxikipena zaildu dezaketen oztopo ekonomikoak kenduz. 2.500 euroko partida batekin, garraio-gastuak estaliko dira (garraio publiko edo partikularra), bai eragindako pertsonarenak, bai laguntzaile batenak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte: 18 urtetik gorakoak izatea, Eibarren erroldatuta egotea eta tratamendua Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-erakundeetan edo zentro publiko edo itunduetan egitea.

Jon Iraola Eibarko alkateak neurri honen garrantzia azpimarratu du: “Ez dugu nahi inor geratzerik behar duen laguntza jaso gabe, zer eta arrazoi ekonomikoengatik. Justizia sozialaren kontu bat da, eta premia dutenekiko konpromisoa".

Bestalde, Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak nabarmendu duenez, "laguntza hauek babes ekonomikoa ez ezik, errekuperazio pertsonalerako prozesuei erakundeek ematen dieten babesaren erakusgarri ere badira. Une bereziki delikatuetan, laguntzen dute konfiantza eta egonkortasuna indartzen”.

Dirulaguntzen bigarren lerroa 40.000 eurokoa da, eta Eibarren gizarte-ekintzaren arloko proiektuak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei laguntzera bideratuta dago. Diru-laguntzak norgehiagoka bidez esleituko dira, eta elkarte bakoitzak gehienez 2.000 euro jaso ahal izango ditu proiektu bakar baterako. Horretarako, hainbat alderdi ebaluatuko dira, hala nola proposamenaren kalitatea eta interesa, urtean zehar izango duen iraupena, aurrekontua, eta erakundeak Udalarekin duen inplikazio- eta lankidetza-maila.

Proiektuak 2025eko abenduaren 31 baino lehen garatu beharko dira, eta gastuen justifikazioa 2026ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu. Laguntza jaso ahal izateko, gutxienez 30 puntu lortu behar dira ebaluazio-baremoan.

Udaletik nabarmendu dutenez, dirulaguntza hauen helburua da tokiko elkarte-sarea bultzatzea eta Eibarko herritarren bizi-kalitatea hobetzea. “Entitateek gure hiriko egunerokotasunean presentzia handiagoa izateko beharrezkoak diren baliabideak edukitzea, eta haien ekintzek pertsonen bizitzan benetako eragina izatea nahi dugu", gaineratu du Archelik.