Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa ospatuko da urriaren 1etik 7ra bitartean

2017/09/29

Eibarko Udalak, Biolurrek eta Debemen elkarteak antolatutako ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ENEEK-en laguntzarekin.

Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa izango da aurten urriaren 1etik 7ra bitartean, Eibarko Udalak, Biolur eta Debemen elkarteek antolatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ENEEK-en laguntzarekin batera, egitarauari hasiera emateko 'Eibarko Nekazaritza Ekologikoaren VI. Azoka' ospatuko da urriaren 1ean, igandea, Eibarko Untzaga plazan, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Horretarako, hainbat postu jarriko dira, 21 ekoizleren presentziarekin, eta mota guztietako produktuak izango dira: freskoak, sasoikoak eta ekologikoak. Halaber, azokan ekintza desberdinak izango dira, ekoizleak ezagutzeko elkarrizketak, azokako produktuekin osatutako otarren zozketa, etbar.

Aldi berean, goizean zehar burutuko diren tailerrak honako hauek izango dira: 10:00etatik 14:00etara Ogi tailerra Eibarko Sosola baserrikoen eskutik, 11:00etan Landaketa tailerra eta 11:00etan ere Askari osasuntsua tailerra.

Bisita gidatuak

Bestalde, urriaren 3an, asteartea, 18:00etatik 20:00era, Itziarko Doniene baserrira bisita egingo da. Urriaren 5ean, osteguna, 18:00etatik 20:30era bitartean, Mutrikuko Basailun baserria bisitatzeko aukera izango dute interesatuek.

Bisitak doakoak izango dira eta izen-ematea Biolur elkartean egingo da, 943761447 telefonora deituta.

Amaitzeko, urriaren 7an Ekolapiko eguna ospatuko da Eibarko Urkizu pasealekuan. Bertan, tailerrak, antzezlanak eta umeentzako jolasak eskainiko dira goiz eta arratsaldez.

Ekolapiko

Ekolapiko bertako baserrietan sortutako elikagaiekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko proiektua da. Haurren osasuna bermatu nahi da, jatorri ekologikodun elikagaien bitartez. Era berean, bertako nekazaritza ekologikoaren garrantzia azpimarratu nahi da, gure baserrien etorkizuna bermatuz.Proiektuaren esentzia datza sentsibilizazioa haurrekin eta gurasoekin lantzean.