Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Debabarreneko Mankomunitateak berriztu egingo ditu lurrazpiko edukiontziak Eibarko hainbat tokitan

Urkizuko dorreen aurrean dagoen edukiontzien irlatxoaren irudia.

Urkizuko dorreen aurrean dagoen edukiontzien irlatxoaren irudia.

2022/03/23

Aurreneko lanak Urkizuko edukiontzien irlatxoan hasiko dira gaur asteazkena, hilak 23, eta geroago Bidebarrieta, Errebal eta Toribio Etxebarriakoetan segituko dute. Eibarko Udalak ahalegina egin du lanen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen, eta edukiontzi horiek erabili ezinik dauden artean, beste batzuk jarriko dira lurrazalean haietatik gertu.

Datozen asteotan Debabarreneko Mankomunitateak berriztu egingo ditu lurrazpiko edukiontziak Eibarko hainbat tokitan. Aurreneko lanak gaur, martxoak 23, hasiko dira Urkizun dagoen edukiontzien irlatxoan, eta apirilaren 12an amaituko dira.  Jarraian Bidebarrieta, Errebal eta Toribio Etxebarriako edukiontzietan egingo dira konponketak.

Funtsean hauxe egingo da: edukiontzi horien makineria berriztu, denboraren poderioz hondatu egiten baita, eta sistemak hobetu.

Irlatxo bakoitzeko lanek irauten duten bitartean, eta, ondorioz, edukiontziak erabili ezinik dauden bitartean, Mankomunitateak lurrazal gaineko beste edukiontzi batzuk jarriko ditu edukiontzietatik gertu, hondakin desberdinak jasotzeko.

Horren harira, Obra eta Zerbitzu sailek eta Udaltzaingoak hainbat bilera egin dituzte Debabarreneko Mankomunitateko ordezkariekin, jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Horretarako, honako hauek hartu dira kontuan: edukiontzi-guneetako oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorria, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak, eta baita datozen asteetarako hirian aurreikusitako kultura- eta kirol-hitzorduak.  Hori guztia kontuan hartuta kale horiek herriaren arteria nagusiak direla.

Lehenengo lanak gaur, asteazkena, hasiko dira eta apirilaren 13an amaituko, Urkizuko dorreen aurrean dagoen edukiontzien irlatxoan. Jarraian, apirilaren 19tik 29ra bitartean, Bidebarrieta kaleko 60 zenbakiaren parean dauden lurrazpiko edukiontzietan egingo da lan.

Hurrengo konponketak, maiatzaren 2tik 13ra, Errebal 5 zenbakian dagoen edukiontzi-irlatxoan egingo dira. Azkenik, eta oraindik zehaztu gabeko datetan, Toribio Etxebarria kaleko edukiontziak berriztuko dira, Anbulatorioaren aurrean.

Azpimarratu behar da Mankomunitateak iragarritako data hauek gutxi gorabeherakoak direla eta alda daitezkeela lanen martxaren arabera.

Azkenik, modu osagarrian eta aurreikusitako aldaketen berri emateko eta ohartarazteko, informazio-kartelak jarriko dira edukiontzietatik gertu dauden atarietan, gune bakoitzean lanak hasi baino egun batzuk lehenago. Urkizuko kasuan, jarri dira dagoeneko.