Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

DBE edo DBL jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueretako matrikularen % 100eko diru-laguntza: eskaerak egiteko epea urriaren 5era arte dago zabalik

2018/09/14

Udalak hauxe bermatu nahi du: 5 urtetik 17 urte bitarteko eskola-ume bat bera ere ez dadila geratu diru-arazoengatik eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke. Seme-alaba bakoitzeko jarduera bat lagunduko da diruz. Hona diruz lagunduko diren programak: Afariketan, Multikirolak eta Jazinto Olabeko ludoteka.

Eibarko Udalak, aurten ere, % 100eko diru-laguntza emango du DBE (diru-sarrerak bermatzeko errenta) edo DBL (diru-sarrerak bermatzeko laguntza) jasotzen duten familietako seme-alaben eskolaz kanpoko jardueren matrikuletarako; hain zuzen ere, ondoko jarduera hauetan parte hartzeko: aisialdirako Afariketan programa, Multikirolak eskola-kirolaren programa eta Jazinto Olabeko ludoteka.  Laguntza horiek eskatzeko epea urriaren 5era artekoa izango da. Udalak gutun bat bidali die joan zen urtean diru-laguntza jaso zuten familia guztiei, laguntza jasotzeko aukera aurten ere badutela gogoratzearren.

Diru-laguntza hau eskuratzeko baldintza batzuk bete behar ditu eskaera egiten duen pertsonak. Lehenengo baldintza: eskaera-epearen lehenengo egunaren aurreko sei hilabeteetan gutxienez Eibarko udalerrian erroldatuta egotea. Bigarren baldintza: 2018ko urtarrilaren 31n Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Diru-sarrerak Bermatzeko laguntza baten titularra izatea. Eta, hirugarrena: laguntza eskatzen duenak 5 urtekoa edo hortik goragoko adingabe bat bere kargu edukitzea, betiere, 18 urtetik beherakoa.

Adingabeak ere Eibarren egon behar dira erroldatuta, gutxienez deialdian ezarritako eskaera-epea hasten den egunaren aurreko sei hilabeteetan,  eta diruz lagunduko diren eskolaz kanpoko jarduera publiko horietako batean matrikulatu behar dira. Eskaera formalizatzeko dokumentu batzuk ekarri behar dira. Deialdiaren oinarrietan azaltzen da zein dokumentu diren; denak bildu ondoren, Pegorara ekarri behar dira.

Jazinto Olabeko ludotekaren kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa matrikularen zenbateko bera izango da, beraz, Haur-hezkuntzako umeek ikasturteko 50 euro ordaintzen dutenez matrikula, horixe da Udalak emango duena. Lehen Hezkuntzakoek,  75 euro. Afariketan programara joateko diru-laguntzaren zenbatekoak: 50 euro (Haur-hezkuntzako 3. mailako umeak) eta 75 euro (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako umeak).  Multikiroletarako diru-laguntza 90 eurokoa da (matrikularen prezioa).

Udal laguntzen programa honi buruzko Oinarrietan zehaztuta datorren moduan, ume bakoitzeko jarduera bakar bat lagunduko da diruz (ludoketa, Afariketan edo Multikirolak). Laguntzen tramitazioa errazteko, familiak dirurik aurreratzen  ibili ez daitezen, diru-laguntzak ez zaizkie familiei zuzenean emango: eskaerak onartu ondoren, jardueraren arduradunari edo koordinatzaileari ordainduko dio Udalak.  

Diru-laguntzetako programa honek bere helburuak bete eta zuzen eramateko,  Eibarko Udalak informazioa eman die Eibarko ikastetxeetako Guraso Elkarteei eta Eskola Kontseiluei.  Laguntza hauekin Udalak bermatu nahi duena da hauxe da: ez dadila geratu 5 urtetik 18 urte bitarteko adingabe bat bera ere, arrazoi ekonomikoengatik, bere prestakuntza osatzen duten eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeke. Ekimen hau hirugarren urtez egiten da aurten.