Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren astean hasiko dira Kalbetoi kalean koexistentzia-gune bat egiteko obrak

2019/08/01
Abuztuaren 5ean ekingo diote lanari. Kostua 264.000 eurokoa da. Obra honi esker jarraiera emango zaio Plaza Barrian oinezkoek eta bestek erabiltzeko dagoen zatiari.

Fermín Calbetón (Kalbetoi) kaleko 17 eta 26 zenbakien arteko zati hori hemendik denbora gutxi barru oinezkoek eta bestek erabiltzeko lekua izango da,  koexistentzia-gunea, alegia. Era horretan luzatu egingo da lehendik ere, Plaza Barrian, San Andres elizaren parean, kale erdizka oinezkoentzako izateko prestatuta dagoen eremua. Abuztuaren 5ean hasiko dira lanok, eta kalea moztuta egongo da abuztuaren 31ra arte.

Udalak orain dela aste batzuk adjudikatu zizkion obrak Obras Especiales, Edificación e Infraestructuras etxeari 264.177 euroan (BEZa barne). Lan honekin koexistentzia-gune berri bat izango da Kalbetoi kaleko 17 zenbakian dagoen botikatik hasi eta 26. zenbakiraino, azken zenbaki horretan hasten baita oinezkoek eta bestek erabiltzeko lehendik eginda dagoen zatia, Ifarkalera eman duen  bidearekin Plaza Barria elkartzen den lekuraino heltzen dena, alegia. Obrak egiteko 19 aste izango dituzte.

Oinezkoen zirkulazioa eta kale honek betidanik bereak izan dituen ostalaritza- eta merkataritza-jarduerak hobetzeko koexistentzia-gune zabal bat sortzea du helburu, oinezkoari lehentasuna emanez, ibilgailuen gainetik. Udalak, era honetan, beste urrats bat gehiago eman du hiriguneko hainbat lekutan oinezkoen lehentasuneko guneak sortzeko asmoan.

Obraren lehengo fasean laginketak egingo dira terrenoan, eta, horren ondoren, gaur egun dagoen zoladura eta espaloiak eraitsi egingo dira, instalazioak eta hodiak berriztu eta hobetu, eta hiri-altzariak desmuntatu.  Bigarren fasean zoladura berria jarri eta urbanizazio-lana egingo da, gaur egun dagoen koexistentzia-guneko zatiari jarraiera emanez.

Kalbetoi kaleko obra hau egitean beste pausu bat gehiago eman da hiriko hainbat kale eraldatu eta oinezkoek eta bestek erabiltzeko eremu bihurtzeko udal-plangintzan; hor dauzkagu Toribio Etxebarria, Zuloagatarren, Estaziño, Egogain, San Agustin edo Untzaga plazaren aldeetako bat.  Datorren urtean, Errebal Plazia eraikinaren obrak amaitzearekin bat, Errebal kalean zehar beste horrenbeste egiteko asmoa dago, Ibarkurutzeko iturritik hasita oinezkoek eta bestek erabiltzeko eremu berri bat egiteko asmoa, alegia .

Aldaketak trafikoan

Autobus-zerbitzuek aldaketak izango dituzte ordutegietan eta bus-geltokietan, norabide-aldaketa bat egin beharko dutelako Kalbetoi kalea hasi aurretik, saihesbidetik jarraitzeko Donostiarako norabidean; batzuek hortik jarraituko dute eta beste batzuk herrian sartuko dira Estaziño kaletik eta gero San Agustinetik hartu eta ohi bezala Bidebarrieta kaletik jarraituko dute, eta, hala behealdeko Bidebarrieta, Barrena eta Azitaingo geltokietako bidaiariak hartuko dituzte.

  • Untzaga pasatu ondoren DB02 linea saihesbidetik doa Elgoibarreraino. Bidebarrietako geltokia kentzen da.
  • DB44G linea saihesbidetik doa Elgoibarreraino.
  • DB04 linea eta Udalbuseko zerbitzuek Untzaga pasatu ondoren Estaziñotik sartuko dira eta geltoki guztietan geratu.

Bilborako norabideak ez du aldaketarik izango.

Asteburuetan, larunbat eguerdiko 15.00etatik igande gaueko 24:00etara, ohi bezala egingo da erdiguneko peatonalizazioa, bus-geltokia Untzagako taxi-geltoki parean jarriz.

Halaber, Kalbetoi eta Plaza Barria kaleetako egoiliarrei eta erabiltzaile zein garraiolariei jakinarazten diegu, kale horiek moztuta egongo direnez, zamalanak egin ahalko direla 08:00etatik 13:00etara, eta ordu horretatik aurrera libre egon beharko dela kalea.

Era berean, Plaza Barria kalera zamalanak egiteko Ifar Kaletik joan ahalko da ordutegi berean, 08:00etatik 13:00etara.

Datorren astean hasiko dira Kalbetoi kalean koexistentzia-gune bat egiteko obrak

Fermín Calbetón kalea.