Eibarko Udala

Dakar Rallya Eibarrera iritsiko da

2024/09/12
 "Dakar Eibartik" ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.
‘Euskadi 4x4’ ekipoaren kamioia Untzagan egongo da ikusgai. Gainera, Fernando Garcíak hitzaldi bat emango du plazan bertan bere esperientzia azalduz.

Larunbatean, hilak 14, motorra eta abentura maite dutenentzako topagune bihurtuko da Untzaga plaza, Garajes Garcíaren 'Euskadi 4x4 Dakar Team' ekipoko kamioiaren erakustaldiarekin. 10:00etatik 20:00etara, gertutik ikusi ahal izango da Dakar 2024 lasterketan —munduko gogorrenetako bat— parte hartu zuen ibilgailua.

12:00etan Fernando Garcia taldeko mekanikari eta Barrena kalean dagoen "Garajes Garcia"ren jabeak, eta, Ignacio Corcuera “Livingstone” kideak Dakar Rallyan izandako esperientzia partekatuko dute jendearekin; proba ospetsua urtarrilaren 5etik 19ra bitartean egin zen Saudi Arabian. Euria eginez gero, hitzaldia udaletxean egingo da.

Jon Iraola Eibarko alkatea pozik azaldu da aukera honengatik, eta eskerrak eman dizkio Fernando Garcíari bere kamioia eta esperientzia eibartarrei eskaintzeagatik. Halaber, adierazi du ekimen hau Eibarren dugun talentuaren beste adibide bat dela. Azkenik, gonbita egin die eibartarrei Untzagatik pasatu eta kamioia ikusteko. Eibarko Udalak  laguntza ekonomikoa eman zion taldeari bidaia errazteko.

‘Euskadi 4x4 Dakar Team’ ekipoa Ignacio Corcuera Livingstone pilotuak, eta ibilgailuaren mantentze-lanez eta kontu mekanikoez arduratu ziren Fernando Garcíak eta David Naveirak osatu zuten. Garcíak urteak daramatza motorraren munduan sartuta, eta Dakar lehiaketa da haren pasiotako Dakarrera eraman zuten kamioia elurra kentzeko erabili izan den 86ko Mercedes bat da.

Dakar Rallya muturreko erresistentzia-lasterketa bat da, urtero egiten dena, eta pilotuen eta taldeen gaitasuna eta kemena proban jartzen dituena. Lehiaketa hau, desertuetan eta paraje lakarretan eta dunen, harkaitzen eta oztopoen artean egiten dena, desafio bat da bai ibilgailuentzat bai parte-hartzaileentzat, eta, hain zuzen, horregatik da automobilgintzaren abenturarik erakargarri eta ospetsuena.