Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Coliseoaren Laguna' txartela: irizpideak aldatuta eta tarifak zuzenduta

2017/01/31

Herritar gehiagori on egiteko asmoz, txartelaren tarifa berriak aplikatzen hasi zen Udala, Udalbatzaren onespenik gabe; azkenean, urtarrilaren 30ean egindako bilkuran onartu ditu. Kaltetutakoekin harremanetan jarriko da Udala, gertatutakoa azaltzeko eta konponbideak adierazteko, eta, nola ez, herritarrei aldaketengatik barkamena eskatzeko.

Udalak zuzenketa batzuk egin ditu Coliseoaren Laguna txartelaren tarifetan. Tarifa horiek 2016ko urriaren 17ko Osoko bilkuran onartu ziren eta 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu ziren indarrean.

Txartelaren kostua Udalbatzak aldian-aldian onartzen dituen prezioen araberakoa da. Egun indarrean dugun arauaren arabera, txartel arruntak 20 € balio ditu eta Gazte Txartela duten gazteenak 15 €. Era berean, langabeek edo diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten herritarrek deskontuak jasotzeko eskubidea dute. Deskontuak eduki ahal izateko, sarrerarekin batera aurkeztu behar dira NANa edo beste nortasun-agiri bat eta langabeziaren ziurtagiria edo diru-sarrerak bermatzeko errenta edo laguntza jasotzen duzulako ziurtagiria. Horrela, % 30eko deskontua jaso ahal izango dute onuradunek Udalak antolatutako edozein ikuskizun edo kontzertutan eta Coliseoko zine-emanaldietan.

Baina ekimen hau arinago martxan jarri eta herritar gehiagori onura ekartzeko asmoz, txartela jasotzeko tarifak aldatzea proposatu zuen Udalak. Asmo berriak prezio murriztuak ekarriko dizkie herritar hauei: 65 urte edo gehiago dituztenak (txartela 15 euroan eskuratu ahal izango dute, 20 euroan izan beharrean); 30 urtetik beherakoak (15 €); diru-sarrerak bermatzeko errenta edo laguntzaren titularrak eta haiekin bizi direnak (dohainik); langabeak (dohainik); gurasoak edo tutoreak langabezian dituzten 30 urtetik beherakoak (dohainik). Tarifa berezi berriak Udalbatzak onartu zituen atzo iluntzean egindako bilkuran.

Hobekuntza horiek ahal bezain azkarren martxan jartzeko, Udala tarifak aplikatzen hasi zen, Udalbatzaren baiezkoa hartu aurretik. Disfuntzio horren aurrean, txartelak emateari utzi zion Udalak joan den ostiralean. Zera gertatu da, erabiltzaileei on egiteagatik, tramite administratiboaren aurretik ibili garela eta tarifa hobetuak lehenago aplikatzen hasi garela azaldu du Miguel de los Toyos alkateak.

Beraz, aldaketak behin betiko onartu arte (Udalbatzak onartzea eta 30 egunez jendaurrean jartzea), Coliseoaren Laguna txartelak emateko tarifak izango dira 2016ko urrian Udalbatzak onartutakoak.

Beraz, txartelak emateko tarifa berriak behin betiko onartzen diren unetik aurrera, tarifa berri hobetuak aplikatzen hasiko gara.

Coliseoaren Laguna txartela urtarrilaren 16an hasi ginen ematen, eta joan den ostiralean, urtarrilak 27, gelditu ginen, arazoak konpontzeko. Tarte horretan 127 txartel eman ditugu, eta horietatik 61 egokiak dira (tarifa arruntekoak, hain zuzen ere). 41 kasutan 65 urtetik gorako herritarrak izan dira, eta horiek 15 € ordaindu dituzte, 20 € izan beharrean, tarifa hobetua ez baitzegoen indarrean. Horrez gain, 30 urtetik beherako 7 kasu daude. Gazte Txartela badute, prezio zuzena ordaindu dute, baina halakorik ezean, 20 € ordaindu beharko lituzkete. Azkenik, 18 langaberi eman dizkiegu txartelak.

Irregulartasuna konpontzeko, kaltetuekin harremanetan jarriko da Udala; gertatutakoaren berri eman eta hainbat konponbide eskainiko dizkio. Era berean, Udalak barkamena eskatu nahi die kaltetu guztiei.