Coliseoan, 'El Novato' filma ikusi ahal izango dute lehen mailako ikasleek ostiral honetan, eskola-jazarpenaren aurkako sentsibilizazio-jardueren barruan

'El Novato' filmaren kartela.

'El Novato' filmaren kartela.

2022/05/04

Ekimena Haur, Nerabe eta Familien I. Udal Planaren esparruan kokatzen da, eta Jazarpenaren aurkako Egunaren harira antolatu da. Film frantziarra jatorrizko bertsioan proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin; unitate didaktiko bat ere badu irakasle eta ikasleentzat.

Coliseoan, ostiral honetan, maiatzak 6, ‘El Novato’ pelikula ikusi ahal izango dute Lehen Mailako 5. eta 6. mailako ikasleek; jardueraren helburua bullyingaren aurkako sentsibilizazioa sustatzea da. Ekimena, Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak sustatua eta Haur, Nerabe eta Familien I. Udal Planean jasoa, Jazarpenaren Aurkako Egunaren —astelehenean, maiatzak 2, ospatu zen—  harira antolatu da.

‘El Novato’ filmaren emanaldia eskola-ordutegian izango da, goizeko 9:00etan. Rurdi Rosenbergek 2015ean egindako pelikula frantses bat da eta 80 minutu irauten ditu. Pelikula jatorrizko bertsioan proiektatuko da, euskarazko azpitituluekin; unitate didaktiko bat ere badu irakasle eta ikasleentzat.

Filmarekin ikasleen artean elkarbizitza inklusiboa landu nahi da, honako alderdi hauek sartuz: norbere burua onartzea eta errespetatzea, berdinen artean gatazkak konpontzea, bullyingari buruzko gogoetak egitea, eta hura ikusten dutenek zer paper betetzen duten aztertzea.

Aurreko astelehenean Jazarpenaren aurkako Eguna izan zela baliatuz eta ostiralerako aurreikusitako proiekzioaren harira, Jon Iraolak zera gogorarazi du: “Era honetako jarduerek —Eibarko Udalak erabat babesten dituenak— garrantzi berezia hartzen dute une honetan, non sare sozialek  funtsezko zeregina betetzen duten”.

Horregatik, “oso garrantzitsua da ikasleei bideratutako ekintzak egitea, errespetuan, enpatian eta tolerantzian oinarritutako heziketa-balioak sustatze aldera”. 

Haur, Nerabe eta Familien I. Planeko jardueren esparruan, Eibarko Udalak hainbat ekimen egin ditu bullyingaz sentsibilizatzeko eta Eibarko ikastetxeek beti parte hartu izan dute.

Planak, 2019an martxan jarri zenetik, hainbat ekintza antolatu ditu, besteak beste, sentsibilizazio-jardunaldiak (bata Udaleko politikariei eta teknikariei zuzendua, eta bestea herriko kirol-elkarte eta aisialdiko kolektiboentzat); ikastetxeentzako erakusketa bat; eta bullyingaren aurkako logotipoa egiteko lehiaketa bat.