Bueltan da 'Basarrixa Hurretik' programa
Bueltan da Basarrixa Hurretik programa. 19 bisita egingo dira aurten Eibarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 3. zikloko eta DBHko 1. zikloko ikasleentzat zehazki diseinatutako programan, eta ia 400 ikaslek hartuko dute bertan parte. Martxoaren 7an izan zen lehen bisita, eta maiatzaren bukaera arte luzatuko dira.
Bost ikastetxek hartuko dute parte Eibarko Udalak eta Debemen Landa Garapenerako Elkarteak bultzatutako programan: Aldatze–Santa Maria de la Providencia, Amaña, Urkizu, J.A Mogel (Iturburu) eta Arrateko Andramari.
Baserrien aldetik ere, inoiz baino gehiago izan dira aurten parte hartzera animatu direnak. Sei izango dira guztira eta bakoitzak alderdi bat lantzeko aukera eskainiko du: Itturraogoikoa (abelazkuntza, basoa eta paisaia), Mandiolagainekoa (ardiak eta gaztagintza), Mendigoiti (baserri-bizitza eta barazkigintza), Sumendiagagoikoa (baserria, basoa eta paisaia), Loiola (garaian garaikoa eta salmenta zuzena) eta Amezabalegi (baserritar berriak eta lurraren azterketa). Azkenik, Errebal Plazia bisitatzen duten ikasleek sasoian sasoiko produktuak eta elikadura osasuntsua lantzeko aukera izango dute. Bisita bakoitzak aukera paregabea eskaintzen du ikasleek landa eremuko bizitza, historia eta baserriek tokiko komunitateari egiten dioten ekarpena aztertu eta ikas dezaten.
Aurreko asteko ostegunean izan zen lehen bisita. Iturburuko ikasleak Itturraogikoa baserrira egon ziren. Eguraldia lagun, ederto pasatzeaz gain, Santa Kurutzeko ermita inguratzen duen paisaiaren interpretazioa egin zuten lehenengo. Handik, oinez, Adarratza kortara gerturatu ziren eta hura bisitatzeko aukera izan zuten, bertatik bertara ezagutuz Jol Igartua baserritarrak lantzen duen behien ustiapen ekologikoa.
Eibarko Udalaren Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak eta Debemenek sustatutako ekimen honen helburua da Eibarko gazteei, hezkuntza-esperientzia aberasgarria eta esanguratsu baten bitartez, landa-ingurunea ezagutzeko aukera ematea, harekin duten lotura ikusi, ulertu eta sendotzeko.
Aurten Eibarko Itzamna Akademia izan da koordinazioaz arduratu dena. Haien hitzetan “Udaletik ideia azaldu zigutenean baietza eman genien berehala. Ezin genuen proiektu honetan parte hartzeko aukera pasatzen utzi. Funtsezkoa iruditzen zaigu herriko ikasleek beren landa-ingurunea ezagutzea eta Eibarko baserrietan zer lantzen eta ekoizten den gertutik ezagutzea. Guk ere asko ikasi dugu prozesuan, eta programak Eibarko hainbat baserri barrutik ezagutzeko aukera eman digu. Oso pozik gaude esperientziarekin, eta espero dugu ikasleak ere pozik egotea prestatu diegunarekin.".