Eibarko Udala
Breaking Eibar

"Breaking Eibar" ekitaldi urbanoaren hamargarren edizioa egingo da larunbat honetan (ekainak 14) Untzaga plazan

2025/06/10
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Andoni Zabala, kultura zinegotzia.
Jon Iraola, Eibarko alkatea, eta Andoni Zabala, kultura zinegotzia.

Ekainaren 14an, Untzaga erritmoz, talentuz eta kulturaz beteko da goi mailako lehiaketekin eta zuzeneko musikarekin. Inpaktu sozial handiko ekimena da.

Larunbatean, Untzaga plazan, “Breaking Eibar” ekimenaren hamargarren edizioa egingo da. Ekitaldi kultural hau, zeinean breakingaren artea (break dance izenez ezagutzen duguna) ospatzen den, ezinbesteko hitzordu bihurtu da estatuko panoramaren barruan.

Untzaga plazan adin eta maila guztietako dantzariak bilduko dira, lehiaketa, zuzeneko musika eta ikuskizuna uztartuz. Jardunaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, “Breaking Kidz 1vs1 Under 16” modalitatearekin, non gaztetxoenek beren talentua erakutsiko duten 14:00ak arte. 16:00etatik aurrera, sailkapenerako probak hasiko dira 2vs2 modalitatean, eta, bertan, dantzari-bikoteek breakingeko estatuko zein nazioarteko profesional ospetsuek osatutako epaimahaia txunditzea bilatuko dute. Epaimahai horrek, besteak beste, exekuzio teknikoa, originaltasuna, eszenaratzea eta errespetua baloratuko ditu.

Ekitaldiaren irekiera ofiziala 17:30ean izango da The Funky Brother taldearen zuzeneko kontzertuarekin. Talde donostiarrak funkaren klasikoak interpretatuko ditu, hala nola James Brownen "Sex Machine" ikonikoa. Jarraian, 18:00etan, "Pentagon Battle Live Drums" ikuskizuna izango da. Erronka berezi horretan, dantzariek konoek mugatzen duten pentagono baten barruan mugitu behar dute, haiek bota gabe, zuzeneko musikaren erritmora dantza egiten duten bitartean. 18:30ean hasiko dira 2vs2ko final-zortzirenetako kanporaketak. Bertan, sailkatze fasea gainditu duten bikoteak final laurdenetarako lehiatuko dira.19:30ean "7 to Smoke Lucky Roulette" modalitatea jokatuko da. 20 minutuko lehiaketa bizi honetan zortzi dantzari lehiatuko dira zazpi garaipen lortu eta titulua eskuratzeko. Geroago, 20:00etan, 2vs2ko final laurdenen txanda izango da, eta ondoren finalerdiak 20:30ean, non dantzari bakoitzak bi aukera izango dituen jendearen aurrean luzitzeko. Eta 21:00etan final handia jokatuko da. Dantzariek hiru aukera izango dituzte, beren artea, sormena eta energia erakusteko.

Jon Iraola alkateak ekitaldi honen garrantzia azpimarratu du: “Breaking Eibar ekimenaren hamar edizio ospatzea harro egoteko modukoa da eibartar guztientzat. Ekitaldi honek erakusten du kultura urbanoak ere funtsezko lekua duela gure bizitza sozial eta artistikoan. Horrelako ekimenen alde egitea gazteen talentuaren eta espazio publikoko bizikidetzaren alde egitea da”.

Bestalde, Andoni Zabala Kulturako zinegotziak ekimenaren balio hezitzailea azpimarratu du:  “Breaking Eibar ez da ikuskizun soila; tresna bat da inklusiorako, ikaskuntzarako eta hainbat balio sustatzeko, hala nola errespetua, esfortzua eta sormena. Nahi duguna da Eibarrek arte-adierazpen guztiek lekua izango duten kultura-erreferente izaten jarraitzea”.

“Breaking Eibar" publiko guztientzako ekitaldi bat da, Untzaga erritmoz eta estiloz beteko duena.