Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bost langile baino gutxiago dituzten industria-enpresek ez dute zabor-tasarik ordainduko; aurten edo azken 24 hilabetean sortutakoak izan behar dira

Bost langile baino gutxiago dituzten industria-enpresek ez dute zabor-tasarik ordainduko; aurten edo azken 24 hilabetean sortutakoak izan behar dira

Irudia: pixabay.com

2019/10/25

Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak proposatuta, eta Eibarko udal ordezkariek horrela eskatuta Debabarreneko Mankomunitatean, Batzarrak aho batez onartu zuen atzo ekimena.

Eibarren ekitaldi honetan sortu diren edo tasaren sortzapenaren aurreko 24 hilabeteetan eratu diren enpresei, baldin eta haien plantilla bost langiletik beherakoa bada, zabor-tasaren % 100eko hobaria  egingo zaie, sortu eta lehenengo bi urteetan. Industrialtzat jotzen diren enpresei eragingo die hobariak. Eibarko Udalak Debabarreneko Mankomunitatean dituen ordezkariek egin zuten proposamena, Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak planteatuta. Aho batez onartu zen ekimena Debabarreneko Mankomunitatean atzo egindako batzarrean.

Hobari hori aplikatzeko ideia, enpresa txikien sorrera sustatzeko arrazoietan oinarritzen da. Bestalde, Mankomunitateak onartu egin du Eibarren hiri-hondakinen bilketa- eta tratamendu-zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala aldatzea.

Onartutako proposamenarekin, berretsi egiten da hirian enpresa- eta ekonomia-jardueraren sorrera eta sustapena babestu eta sustatzeko konpromisoa, ekintzaileei eta oro har enpresa-jarduerari karga fiskala murriztea ahalbidetuko duten neurrien bidez.

Era berean, Debabarreneko Mankomunitateko Batzarrak Eibarren zaborra biltzeko zerbitzua emateagatik 2020ko ekitaldian aplikatzeko tasak aldatzeko proposamena behin-behinean onartzea erabaki zuen asteazkenean. Proposamenak % 2,955 egiten du gora 2019ko tasekin alderatuta. Igoera Eibarko Udalari dagokion hiri-hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzuaren kuotei buruzko txostenean justifikatzen da, zeina Mankomunitateak zuzenean bildutako tasekin finantzatzen den.