Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bigarren eskuko azoka egingo da Eibarren abenduaren 14an

Bigarren eskuko azoka egingo da Eibarren abenduaren 14an

Bigarren eskuko azokaren kartela.

2019/11/26

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak antolatuko du azoka honen lehen edizioa Untzaga plazan (karpa azpian), 10:00etatik 14:00etara.

Datorren abenduaren 14an, Gabonak gertu daudela aprobetxatuz, eta Untzaga plazan jarriko den karpa batean, Bigarren Eskuko I. Azoka egingo da 10:00etatik 14:00etara. Ekitaldi honekin Eibarko Udaleko Ingurumen sailaren helburua da herritarrei ikustaraztea objektuek bigarren aukera bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela.

Horrela, merkatu honek Eguberriak modu jasangarriagoan ospatzeko aukera ematen du, izan ere, berrerabilpenak protagonismoa hartzen du, eta herritarrak "Ekonomia Zirkularraren" beste kate-begi bat bihurtzen dira.

Iaz, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azokaren lehen edizioa jarri zen abian. Azoka horretan 140 bizikleta eta objektu (70 bizikleta eta 70 objektu) utzi ziren, eta horietatik 47 saldu ziren. Azokaren bigarren edizioan, joan den irailaren 21ean egin zena, 210 bizikleta eta objektu utzi ziren (100 eta 110, hurrenez hurren) eta guztira 76 salerosketa egin ziren.

Kopuru onak dira halako azoketarako; horrek erakusten du eibartarrak prest daudela era horretako objektuei bigarren aukera bat emateko.

Bi modutara parte har daiteke. Batetik, erabilitako objektuak saltzeko postu bat erreserbatuz (mahai bat); horretarako, izena eman behar da atzotik hasita, azaroak 25, abenduaren 5era arte, 943 670 249 telefonora deituz, eta parte hartzeko onarpena jaso. Ezinbestekoa da adinez nagusia izatea eta datu pertsonal batzuk ematea (NANa eta telefonoa).

Bestetik, saldu nahi diren objektuak gordailuko salmenta zerbitzuan laga daitezke, eta han antolakuntzako taldea arduratuko da haiek saltzeaz.

Era horretan parte hartzeko, saldu nahi diren objektuak ekarri behar dira larunbatean bertan, abenduak 14, 9:00etatik 10:00etara bitartean. Objektu horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Gehienez ere 15 gauza laga ahalko dira, eta egoera onean egon beharko dute. Kasu honetan, EZ da onartuko ez arroparik ez tamaina handiko objekturik. Laga ahalko dira liburuak, musika eta zinema (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko objektuak, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Antolaketaren taldea arduratuko da artikuluak zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.

Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Jon Iraola Ingurumen zinegotziaren hitzetan, "Merkatuaren arrakasta guztion parte-hartzean datza, helburu nagusia berrerabilpena sustatzea baita, beraz, adin nagusiko herritar guztiak gonbidatuta daude gordailu bidezko salerosketa merkatuan parte hartzera. Eibarko elkarte, ikastetxe eta herritarrei ere dei berezia egiten zaie salmenta-postu batean parte hartzeko”.

Gaiari buruzko informazio gehiago nahi duenak honako telefono-zenbaki honetara jo dezake: 943 670 249.

Azkenik, erosketa jasangarriak egiteko, Ingurumen sailak, bigarren eskuko produktuak eta bidezko merkataritzakoak kontuan hartzea aholkatzeaz gain, gomendatzen du gertuko saltokietan kontsumitzea garraioaren ondorioak murrizteko, eta erosten diren produktuen etiketa irakurtzea, lan- eta ingurumen-baldintzak errespetatzen direla ziurtatzeko.