Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bidezko Merkataritza sustatzeko kanpaina abiatuko da

Bidezko Merkataritza sustatzeko kanpaina abiatuko da

Ezkerretik eskumara: Jone Morras Immigrazio teknikaria, Joseba Agirrezabalaga La Salle Eibarko irakaslea, Idoia Azpilicueta Proyde-Proega Fundazioaren arduraduna eta Idoya Sarasqueta, Gizartekintza zinegotzia.

2017/03/02

Helburua da bidezko merkataritzaren inguruan ikasleak zein herritarrak sentsibilizatzea. Horretarako, La Salle ikastetxeak hainbat ekimen antolatu ditu martxoaren 6tik 17ra bitartean.

Eibarko Udaletxeak Bidezko Merkataritza sustatzeko kanpainaren aurkezpena hartu du gaur osteguna, martxoak 2. Prentsaurrekoan izan dira Idoya Sarasqueta Gizartekintza zinegotzia, Jone Morras Immigrazio teknikaria, Idoia Azpilicueta Proyde-Proega Fundazioaren arduraduna eta Joseba Agirrezabalaga La Salle Eibarko irakaslea. Kanpainaren xedea da ikasleak zein herritar oro gaiaren inguruan sentsibilizatzea.

Helduentzat zein aisialdiko begiraleentzat tailerrak

Martxoaren 8an, asteazkena, helduentzat tailerra izango da La Salle Isasi ikastetxean, 17:00etatik 18:00etara. Bi egun beranduago, martxoaren 10ean, ostirala, La Salle Azitain ikastetxeak aisialdiko monitoreen tailerra hartuko du, 19:00etatik 20:00etara.

Tailerretan parte hartzeko interesa duten pertsonek proega@lasalle.es helbidera bidali dezakete mezua.

Aipatutako tailerrez gain, bidezko kontsumoa eta bidezko merkataritzaren inguruan lan egingo dute La Salleko bi zentroetan.

Bestalde, martxoaren 13tik 17ra bitartean, Proyde-Proegak Eibarko Udalaren laguntzarekin garatutako proiektuen berri emango zaie herritarrei.

Gizartekintza zinegotzi den Idoya Sarasquetak adierazi duenez, "udal aurrekontuaren % 1 sentsibilizazio-proiektuetara bideratzen da eta oso garrantzitsua da herritarrak kontzientziatzea hirugarren munduarekin zerikusia duten proiektuekin".

Halaber, Joseba Agirrezabalaga irakaslearen hitzetan, "gazteek egungo errealitate ezberdinei buruz hausnarketa bat egin beharko lukete eta guztiok kontsumitzen dugunaren ardura beraiek ere dutela ulertzea".