Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bi ikastaro azaroan "Gurasoak Martxan" programaren barruan

2017/10/30

Ikastaro batean teknologia berriak eta sare sozialak jorratuko dira, eta bestean ikaskuntzaren gakoak.

Gurasoak Martxan programak, eskola-adinean dauden Eibarko ikasleen gurasoei zuzendua, bi ekimen jarriko ditu abian azaroan. 8, 14 eta 22an, eta hiru saiotan (18:30etik 20:30era Portalean), “Teknologia berriak eta sare sozialak: harreman  sanoak” izeneko ikastaroa egingo da eta azaroaren 28an “Ikaskuntzaren gakoak”.   

“Teknologia berriak eta sare sozialak” ikastaroa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako umeen gurasoei zuzendua dago. Azaroaren 8ko lehen saioan aztertuko diren gaiak hauexek izango dira: nola kudeatu pribatutasuna eta segurtasuna sare sozialetan, zer paper duten teknologia berriek ikaskuntzan eta zer erantzukizun dugun  teknologia berriak erabiltzean

Azaroaren 14ko bigarren saioan, hauexek izango dira gaiak: berdinen arteko interakzioa sare sozialetan, ikastetxearekin harremanetan jartzea, eta sareen erabilera ohikoak eta neurriz kanpokoak nola eragiten dion garapen sozio-emozionalari. Azaroaren 22ko hirugarren saioan, jorratuko diren gaiak izango dira adikzio-jokaerak Interneten, eskola-jazarpena eta ziberjazarpena, eta eskola-jazarpena sarearen bidez.

Gurasoak Martxan programan antolatutako bigarren ekimenak “Ikaskuntzaren gakoak” du izena; saio bakarrean egingo da 28an (18:30etik 20:30era Portalean) eta Lehen Hezkuntzako umeen gurasoei zuzendua dago. Hauexek izango dira gaiak: motibazioa, estimulua eta ohiturak, familiaren inplikazioa eskolan, eskolarekiko eta guraso-elkarteekiko harremana, eta nola eragin modu postiboan eskola-ikaskuntzan.

Bi ikastaroak gaztelaniaz egingo dira, Portaleko bigarren pisuan, eta Baikarako Garbiñe Arrizabalagak emango ditu. Ikastaro horietan parte hartzeko interesa duten gurasoek ikastetxeetan egin dezakete izen-ematea, edo ikastetxeetako guraso-elkarteei mezu elektroniko bat bidaliz edo mezu bat bidaliz gizartekintza@eibar.eus helbidera.