Berriz ere egingo dira "Energia Argitu" tailerrak eta "Energia Argitu Kit" kanpaina
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, Energia Argitu programaren barruan eta Eibarko Udalarekin lankidetzan, bi tailer antolatu ditu azarorako.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, EEB Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren bidez, eta Eibarko Udalarekin elkarlanean, bi tailer antolatu ditu, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko eta etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko.
Lehenengo tailerra, “Energia berriztagarriak zure etxean: autokontsumo indibiduala, kolektiboa eta komunitate energetikoak” izenekoa, azaroaren 17an izango da, 18:00etan, Portalean (ikastaro gelan). Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 14a baino lehen eman behar dute izena.
“Tailer honetan energia berriztagarrien berri emango da, norberak bere etxerako bideragarriena zein den jakin dezan, baina, batez ere, plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzeari buruz hitz egingo da, eta autokontsumo indibidualaren, kolektiboaren eta tokiko energia-komunitateen inguruko aukerak azalduko dira” azaldu du Eva Juez Garmendiak, Ingurumeneko zinegotziak.
Gainera, “Autokontsumoko instalazioen gida praktikoa” banatuko da. Gidaliburuak autokontsumoari buruzko informazio praktikoa ematen du, bai kontsumo indibidualarena bai kolektiboarena, sorkuntza fotovoltaikoan zentratuta.
Bigarren tailerra "Energia Argitu kit" kanpainaren parte da. “Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere” adierazi du Juezek. Kanpaina hori 2022an egin zen, eta 23 pertsonak parte hartu zuten, zeinek "Energia Argitu Kit" eraman ahal izan zuten beren etxera, etxebizitzen autodiagnostikoa egiteko.
Kanpaina abenduaren 5era arte egingo da:
- Azalpen-tailerra egingo da, "Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan" izenburupean azaroaren 24an, 18:00etan, Portalean (ikastaro gelan). Etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira. Tailerrean parte hartu nahi dutenek azaroaren 21a baino lehen eman behar dute izena.
- Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak mailegatuko zaizkie, 2-3 egunez erabili ahal izateko. Kit-maletin horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar), eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute. Kit hau etxera eraman nahi dutenek Udalarekin jarri behar dute harremanetan: ingurumena@eibar.eus / tel. 943708408.
- Parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatu ahal izango dituzte.
Tailerretan izena emateko, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea helbide honetara: energiabulegoa@gipuzkoa.eus
- Telefono-zenbaki honetara deitzea: 605-757-687 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
- Informazio osagarria: www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/energia/energia-argitu
Energia Argitu, EEB Gipuzkoako Eraldaketa Energetikoko Bulegoak bultzatuko duen jardueretako bat da. Bulego hori Europar Batasuneko Next Generation EB funtsek finantzatzen dute, eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) kudeatzen ditu, Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betez.
Energia Argitu programaren helburua da Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea.