Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Berriz ere diru-laguntza programa jarri da abian garapen bidean dauden herrialdeetan ekintzak finantzatzeko

2017/10/16

GKEei dago zuzenduta eta eskaerak egiteko epea zabalik dago dagoeneko; 80.000 euro izango dira gehienez ere onartutako proiektu bakoitzeko. Programaren aurtengo edizioan, eskaerak elektronikoki egin behar dira nahitaez, udal webgunearen bidez.

Eibarko Udalak berriz ere jarri du abian diru-laguntzen deialdia, garapen bidean dauden herrialdeetan ekintzak finantzatzeko; ekimena gobernuz kanpoko erakunde edo instituzioei zuzenduta dago (GKE), eta Udalak aspalditik bultzatzen duen Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren programaren baitan sartzen da. Urte honetan, 236.859 euro izango ditu programak eta onartzen den proiektu bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren  zenbatekoa ezingo da 80.000 euro baino gehiago izan.

Aurtengo deialdiak garapenerako programak antolatzeko eta garatzeko Gobernuz Kanpoko Erakundeei diru-laguntzak ematea du helburu, herrialde pobretuetako biztanleriaren baldintza sozio-ekonomikoak hobetzeko jarduerak egin ahal izateko eta dauden desberdintasunak gainditzen laguntzeko; baita garapenaren arazoarekin eta nazioarteko lankidetzarekin lotutako gizarte-eraldaketarako heziketa Eibarko jendartean ezagutarazteko eta sustatzeko ere

Diru-laguntzak eskuratzeko, GKE eskatzaileek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola egiten dituzten jarduerak diru-laguntzaren xedearekin bat etortzea, Eibarren beren egoitza edo ordezkaritza izatea, eta Eibarko Lankidetza Mahaian parte hartzea. Gainera, Eibarren ekintza espezifikoak edo garapenerako sentsibilizazio- eta heziketa-programak garatu behar dituzte, halako ekintzetan esperientzia egiaztatua dutela erakutsi, eta diruz-lagundutako jarduerak aurrera eramateko gaitasuna izan behar dute.

Diru-laguntza hauek eskuratzeko epea zabalik dago dagoeneko eta azaroaren 9an itxiko da. Aurreko edizioetan ez bezala, eskaera elektronikoki egin behar da nahitaez. Horretarako, Udalaren webgunera jo behar da (www.eibar.eus) eta pausoak jarraitu link hauen bidez: “tramiteak eta zerbitzuak”, “bekak, diru-laguntzak eta laguntzak”, eta “Garapen bidean dauden herrialdeetako ekintzak finantzatzeko diru-laguntzak”.

Link horietan zehazten de zer agiri aurkeztu behar diren diru-laguntzak eskuratzeko; dokumentuak webgunetik bertatik deskarga daitezke. Entitate eskatzaile bakoitzeko proiektu bat baino ezingo dute aurkeztu. Proiektuak ezarriko diren irizpide jakin batzuen arabera baloratuko dira, eta horren arabera erabakiko da diru-laguntza ematen den edo ez. Proiektuko ekintzak funtsak jaso eta bi hilabeteko epean hasi beharko dira gehienez ere, eta proiektua gauzatzeko epea 12 hilabeteko izango da.

Berriz ere diru-laguntza programa jarri da abian garapen bidean dauden herrialdeetan ekintzak finantzatzeko

Eibar.