Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Baserritarrak bariku honetan joango dira Rialtotik Errebal Plaza berrira

Artxiboko irudia. Errebal Plazia.

Artxiboko irudia. Errebal Plazia.

2022/03/28

Eguenean, hilak 31, azken aldiz egongo dira zabalik saltokiak Rialtoko eraikinean, eta egun horretatik aurrera eraikina itxita egongo da. Baserritarren lana aitortzeko, eta Errebal Plazan hastera doan etapa berria dela-eta, eguenean, eguerdian, omenezko ekitaldi bat egingo da udaletxean.

Nahitaezko izapide guztiak itxita, orain arte Bidebarrietako Rialto eraikinean zeuden baserritarren postuak behin betiko joango dira Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikineko azoka berrira, ostiral honetatik (apirilak 1) aurrera. Beraz, eguen goiza izango da azken eguna Rialton; hortik aurrera itxita egongo da.

Hala, barikuan zabalduko da baserritarren gunea Errebalgo azokan, non beren betiko produktuak salduko dituzten. Gainera, Udalak aurrera jarraitzen du hasieran pentsatutako produktuak saltzeko Errebalgo merkatu plazan oraindik hutsik dauden saltoki finkoak betetzeko izapideekin.

Halaber, baserritarrek egindako lana aitortu eta eskertzeko, eta Errebalen hasiko duten etapa berriaren aurrean, Udalak omenaldi-ekitaldi bat eskaini nahi die. Ekitaldia goizeko 13.00etan izango da, udaletxeko Batzar Aretoan. Bertan, bideo bat ikusiko da Udalak Debemenekin batera egindakoa, hamabost bat minutukoa, non baserritarren lana jasotzen den.

Gainera, apirilaren 1ean, barikuan bertan, Errebalgo merkatu-plaza berriaren instalazioak 8:00etan ireki ondoren, ekitaldi xume bat egingo da 11:00etatik aurrera. Bertaratzen diren herritarrek, gainera, Azitaingo Lantegi Eskolako ikasleek prestatutako pintxoez gozatzeko aukera izango dute, baserritarren lekualdaketari nolabaiteko jai-kutsua emateko.

Goizean joaten diren eta produkturen bat erosten duten pertsonei poltsa bat emango diete opari beren erosketak egin ahal izateko.

Errebal Plazaren merkatu berrian jarduera komertziala martxan jartzearekin bat, Eibarko alkate Jon Iraolak zera adierazi du: “Rialtoko instalazioak ixtea eta baserritarren espazio hau irekitzea mugarria izango da aurrera egiteko Udalak Errebal Plazia merkataritza-jardueraren gune berri bat bihurtzeko helburuan”.

Horren harira, Iraolak baserritarren lan garrantzitsua jarri nahi izan du balioan; izan ere, "Eibarko Merkatu Plaza betidanik izan denaren eta hemendik aurrera Errebalgo espazioa izango denaren ikur dira baserritarrak". Eta horregatik, "merezi duten protagonismoa eman nahi diegu, merezitako omenaldi bat egitearekin batera".

Eta zera esan du amaitzeko: “Ziur nago Errebal Plazan baserritarren jarduera hasteak merkatuko plaza dinamizatzeko beharrezkoa den jende-oldea erakartzea ahalbidetuko duela, saltoki finkoak adjudikatzeko izapideekin jarraitzen dugun bitartean. Testuinguru sozioekonomiko oso nahasian egon arren, eta ekiteko unerik onena ez izan arren, dagoen ziurgabetasuna dela-eta, esan dezakegu saltoki finkoak interesa sortzen ari direla; beraz, plaza irekitzea funtsezkoa da gainerako postuak ezartzeko".