Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Barakaldo kaleko igogailu berriaren lizitazioa abenduan aterako du Udalak

Barakaldo kaleko artxibo argazkia.

Barakaldo kaleko artxibo argazkia.

2023/12/04

Barakaldo kalearen eta Estaziño-Azitain trenbideko pasealekuaren arteko altuera gainditzen lagunduko du. 16 lagunentzako edukiera izanik, igogailu berria arrapala baten bidez lotuko da lehendik dagoenarekin.

Eibarko Udalak abenduan lizitatuko ditu Barakaldo kalea eta trenbide gaineko pasealekua lotuko dituen igogailuaren obrak; lanen aurrekontua milioi eta erdi eurotik gorakoa da.  Obra horien bidez Barakaldo kalea lotuta geratuko da pasealeku berriarekin, trenbideak estali eta Hijos de Gabilondoren eraispen partziala eta birmoldaketa egin ondoren. Hala, proiektu zabal eta anbiziotsu honekin,  hiriaren ekialdeak eta Eibarrek, oro har, aisialdirako espazio berriak eta hobeak izango ditu, eta baita berdegune gehiago ere.

Kasu honetan, igogailu berriak hobetu egingo du Estaziño eta Azitain lotzen dituen pasealekuaren irisgarritasuna, ondoren Eibar eta Elgoibar arteko bidegorriarekin ere lotura eginez. Barakaldo kalearen eta trenbide-estalduraren arteko kota-diferentzia gainditzeko, 16 lagunentzako igogailu bat jarriko da, baita tarte hori gainditzeko eskailera bat ere. Horrez gain, arrapala bat egingo da  Barakaldo kaleko 27. zenbakiko igogailuaren irteera igogailu berriaren tarteko kotarekin lotuko duena, hala, herritar guztiek pasealeku berrira iristeko aukera izan dezaten.

Lizitaziora aterako diren obrek 1.565.762,80 euroko aurrekontua dute (BEZa barne); horrekin batera, Obra-zuzendaritzako lanen aurrekontua 75.000 eurokoa da (abenduan lizitatuko dira baita ere).  Egikaritze-epea 15 hilabetekoa da. Afekzio batzuk eragingo ditu; izan ere, lanak egiteko beharrezkoa izango da Barakaldo kalearen iparraldeko espaloia aldi baterako okupatzea, Hijos de Gabilondo lursailaren ondoan. Hori dela eta, hegoaldeko espaloitik oinezkoentzako ibilbide alternatibo bat egingo da eta lehendik dagoen igogailuaren inguruan  oinezkoentzako pasabide goratu bat egokituko da; horretarako aparkaleku-plaza bat kendu beharko da.

Obrak Urki aldean

Abenduaren 11n, astelehenean, Urki 9-11 osteko horma egonkortzeko obrak hasiko dira. Joan den otsailean, zenbait garaje eta lokaletarako sarbideko lur-eremua mugitu egin zen, eta atzealdea mugatzen duen petrila eta euste-hormaren zati batzuk egoera ezegonkorrean geratu ziren. Uztailean ezpondaren oinean dauden eraikinak babesteko lanak egin ziren, eta orain, egonkortzeaz gain, zoladura lehengoratzeari eta petrila berreraikitzeari ekingo zaio.

Obrak egiten diren bitartean (85.022,54 euroko aurrekontua eta bi hilabeteko egikaritze-epea), lan-eremua itxita egongo da oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako, eta ezin izango da bertan aparkatu.