Eibarko Udala
dirulaguntzak

Baliabide urriak dituzten langabe eta pentsiodunentzako 200 euroko dirulaguntza emango du berriz ere Udalak

2024/10/17
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten langabeei eta pentsiodunei eta Elikagaien Bankuaren programan sartutako pertsonei zuzendutako dirulaguntza da. Udalak Aurrekontuko 150.000 euro bideratuko ditu horretarako.

Eibarko Udalak aurten ere  baliabide gutxi duten pertsonentzako laguntza ekonomiko bat emango du. 200 euroko dirulaguntza hau baldintza jakin batzuk bete eta zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden langabeei eta pentsionistei zuzenduta dago. Ekimenak diru-sarrera urriak dituzten familiei laguntzea du xede, eta funtsezko tresna da Udala garatzen ari den gizarte-laguntzaren testuinguruan. Helburu horrekin hasi zen programa, duela urte batzuk. Hasieran 150 euroko laguntza zen pertsonako, baina zenbatekoa handitzen joan da, urteko eta pertsonako 200 euro izateraino. 

Dirulaguntza eskatu ahal izango dute 2024ko urtarrilaren 31n egoera hauetako batean daudenek: batetik, kotizaziopeko edo kotizazio gabeko pentsioa jasotzen duten pentsiodunak, eta, bestetik, langabetuak, egoera horretan daramaten denbora edozein dela ere.

Dirulaguntza jasotzeko, eskatzaileek irizpide hauek bete beharko dituzte: Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (GGD) titular izatea, edo 2024ko urtarrilaren 31n Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen egotea, eta, gutxienez, 2024ko urtarrilaren 1etik Eibarren erroldatuta egotea.

Udalaren ahalegin honen helburua da premia gehien duten pertsonengana iristea, zailtasun ekonomikoak dituztenek babes bat izan dezaten finantza-kargak arintzeko.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 17an hasi eta 2024ko urriaren 31n amaituko da (egun biak barne).

Interesdunek horretarako prestatutako postontzian laga beharko dute eskabidea. Buzoia PEGORAren atearen ondoan dago, autozerbitzuko makina dagoen lekuan. Xede horrekin, buzoia eskuragarri egongo da egunero, baita igande eta jai-egunetan ere, 7:30etik 21:30era.

Ordutegi horrek baldintzak betetzen dituzten guztiek eskabidea egin ahal izatea bermatu nahi du, ordutegi-mugarik gabe.

Zaurgarrienentzako dirulaguntza

Dirulaguntza honekin Eibarko Udalak herriko pertsona zaurgarrienekin duen konpromisoa berretsi nahi du, batez ere, lan-merkatuaren egungo egoera dela-eta edo pentsiodun izaeragatik hilaren amaierara iristeko zailtasunak dituztenekin. 200 euroko dirulaguntza honek arnas pixka bat ematen die familia askori, eta gaur egun pertsona askok bizi duten egoera arintzen laguntzen du.

Laguntza-programa hau Udalak azken urteotan eibartarren aukera-berdintasuna eta ongizatea bermatzeko ezarri dituen gizarte-politiken barruan kokatzen da.