Autobus geltokiko itxarongela berriaren lizitazio-prozesua azken fasean sartu da
Hiru enpresak aurkeztu dituzte eskaintzak Egogain autobus geltokiari espazio itxi, irisgarri eta ekipatu bat emateko, erabiltzaileen arreta hobetzea helburu. Itxarongelak bi sarbide, komunak, takillak eta egoteko guneak izango ditu, eta herriko garraiobide ezberdinen arteko lotura sendotzea ahalbidetuko du.
Eibarko Udala amaitzen ari da Egogain autobus-geltokian egongo den itxarongelako obrak kontratatzeko prozesua. Lizitazioa azken txanpan dago jada, eta sektorearen interesa piztu du; izan ere, hiru enpresak aurkeztu dituzte eskaintzak.
Jarduketa honi esker, 100 metro koadro inguruko espazio berri bat sortuko da, garraio publikoa erabiltzen dutenen itxaronaldia hobetzeko. Lokalean egoteko guneak, komunak, takillak eta informazio-sistemak egongo dira, geltokia egunero erabiltzen dutenek espazio erosoagoa, babestuagoa eta funtzionalagoa izan dezaten.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du proiektua urrats garrantzitsua dela herriko zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko. “Gero eta gertuago gaude Eibarrentzat oso beharrezkoa den azpiegitura bat errealitate bihurtzetik. Etorkizuneko itxarongelak askoz baldintza egokiagoak eskainiko dizkie garraio publikoa erabiltzen dutenei, eta herriko mugikortasunerako espazio estrategiko bat modernizatzen lagunduko du”, adierazi du.
Era berean, Iraolak azpimarratu du ekimena Udalak herri-ekipamenduen kalitatea hobetzeko egiten duen apustuaren parte dela. “Azpiegitura publikoek herritarren benetako beharrei erantzutea nahi dugu, baita egunero bidaiatzen dutenek herri moderno eta irisgarri bati dagozkion zerbitzuak izatea ere”, gaineratu du.
Bestalde, Pedro Escribano Obra zinegotziak azaldu duenez, behin prozedura administratiboa amaituta, lanak egiten hasteko aukera egongo da. “Lizitazioa aurreikusitako epeen arabera ari da aurrera egiten, eta espero dugu obrak datozen asteetan esleitu ahal izatea. Esku-hartze honek nabarmen eraldatuko du espazio hori, eta hobetu egingo du geltokiaren erabilera”, adierazi du.
Lokal berriak bi sarbide izango ditu: bata Egogain kaletik, supermerkatuaren ondotik, eta bestea San Andres pasealekutik, hala, Ardantzako tren-geltokiarekiko lotura erraztu eta garraio modu ezberdinen arteko integrazioa hobetuko da.
Proiektuak 350.000 euro inguruko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren finantzazioa jasoko du, LJE funtsen bidez.
Udalaren aurreikuspenen arabera, behin obrak adjudikatuta eta beharrezko izapide administratiboak beteta, lanak datozen hilabeteetan egongo dira hasteko moduan, herritarrek lehenbailehen zain egoteko espazio bat izan dezaten, modernoagoa, erosoagoa eta egungo beharretara egokituagoa.