Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten dirulaguntza gehiago Eibarren langabezian edo enplegua hobetu nahian dauden pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko

2019/05/17

Udalak 35.000 euro bideratu ditu programa honetarako, iaz baino 5.000 euro gehiago; pertsona bakoitzeko 500 euro arteko diru-laguntzak banatuko dira. Besteak beste, lanbide heziketako ikasketak, lana lortzeko aukera handitzen duten kurtsoak eta baita hizkuntza-ikastaroak ere.

Eibarko Udalak berriz ere martxan jarri du diru dirulaguntzen programa bat langabezian edo lana hobetu nahian egon eta Eibarren erroldatuta dauden pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko. Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak bultzatutako ekimenaren helburua da lanik ez duten edo lan prekarioak dituzten pertsonen kualifikazioa indartzea, desenplegu-indize handienak prestakuntza gutxien dutenen artean daudelako.

Programa honekin lortutako emaitza ona ikusita, Udalak erabaki du bideratutako zenbateko ekonomikoa handitzea, hartara, pertsona gehiagok parte hartu ahal dezaten. Hala, aurten 35.000 euro bideratu dira, iaz baino 5.000 gehiago; dirulaguntzak pertsonako 500 euroraino iritsiko dira.

Miguel de los Toyos alkateak: "gure lehentasunetako bat da eibartarrei formakuntza bat ahalbideratzea, enplegu bat lortzeko kualifikazioa hobetzeko". Izan ere, era horretan, pertsona horien enplegagarritasuna handitzea lortu ez ezik, kalitatezko lan bat izateko aukera ematen diegu, ondorioz, haien ongizatea hobetuz”.

Diruz lagunduko dira formakuntza-ekintzaren kostua, hura egiteko beharrezkoak diren materialak eta heziketa-zentrora joateko garraio-gastuak.

Diru-laguntzak jasotzeko Eibarren erroldatuta egon behar da, eta lana hobetu nahian ari direnen kasuan, egiten dituzten prestakuntza-ekintzak ezin dira unibertsitate-ikasketak izan.  2018ko irailaren 1ean hasitako prestakuntza-ekintzak izan beharko dira, eta 2019an amaitzen direnak; edo 2019an hasitakoak eta 2020an amaitzen direnak.

Programaren onuradunak Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi mailako graduan matrikulatuta egon behar dira, edo beste erabateko ikastaroetan betiere haien enplegagarritasuna hobetzeko xedez eginak badira; baita hizkuntza-ikastaroak edo B, C eta D gidabaimena lortzekoak ere. Kasu guztietan ere, baldintzetako bat izango da ez direla diruz lagunduko 2018ko deialdian jada eskatu ziren formakuntza-jarduera berberak,  salbu eta  maila desberdinak edo goragoko mailak badira.

Onuradunak, 2016eko urtarrilaren 1etik gutxienez Eibarren erroldatuta egoteaz gain, 23 urte edo gehiago izan beharko dute 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta langabezian edo lana hobetu nahian egon. Laguntza hauei begira, enplegu-hobekuntzako egoeratzat honako hauek hartzen dira: iraupen jakineko kontratuak (urtebetetik beherakoak), denbora partzialeko kontratuak eta hileko soldata garbia —aparteko pagen hainbanaketa barne— 1.200 eurotik beherakoa izatea.

Dirulaguntza hauek jasotzeko epea zabalik dago dagoeneko eta 2019ko urriaren 31n amaituko da. Eskaera Pegoran entregatu beharko da, deialdiaren oinarrietan zehazten diren dokumentuekin batera:

  • Aurrez aurre PEGORAn, Herritarren Zerbitzurako Bulegoa, (Udaletxea, beheko solairua, Untzaga plaza 1).
  • Elektronikoki, udal webgunearen bidez: www.eibar.eus Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)
  • Administrazio Publikoetako erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. Artikuluan adieraziak.