Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Aurten 24 komunitatek jaso dituzte diru-laguntzak fatxadak zaharberritzeko eta irisgarritasuna hobetzeko

2018/12/13

Udalak 134.000 euroko diru-laguntzak eman ditu fatxadak zaharberritzeko, bai eta igogailuak jarri edo aldatzeko, eta baita irisgarritasuna hobetzeko lanak egiteko ere, hala nola zero kotara jaistea, solairu berrietara iristea edo arrapalak egitea.

Aurten Eibarko 24 auzo-komunitatek jaso dituzte diru-laguntzak, fatxadak berrizteko eta igogailuak jarri edo irisgarritasuna hobetzeko (zero kotara jaistea, solairu berrietara iristea edo arrapalak egitea) programaren barruan. Joan den azaroaren 16an amaitu zen eskaera-epea Udalaren programa honen onuradun izateko; emandako diru-laguntzak guztira 133.865 euro izan dira.

Auzo-komunitateei emandako 24 diru-laguntzetatik, zortzi fatxadak berritzeko izan dira, bederatzi igogailuak jartzeko eta zazpi igogailua zero kotara jaisteko edo igogailuetara iristeko arrapalak egiteko. Guztira, 27 eskaera aurkeztu eta hiru atzera bota dira, oinarrietan ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik.

Aurtengo agintaldia hasi zenetik, diru-laguntzen kopurua % 50 joan da igotzen azken urteotan, duela lau urte zegoenarekin alderatuta. Era horretan, Udalak sendotu egiten du auzo-komunitateekin betidanikoa duen konpromisoa, irisgarritasuna hobetzeko eta fatxadak berriztatzeko komunitate horiei ematen dizkien laguntzen bidez gauzatzen duena.

Igogailuen kasuan, diruz laguntzen dira eskaera egiten den urtean bertan edo aurrekoan amaitutako obrak eta honako helburu hauek dituztenak: bizitegi-eraikinetan edo haien kanpoaldean igogailuak jarri edo aldatzea; lehendik dauden igogailuak ordeztea eta zero kotara jaisteko obrak egitea; instalazioen modernizazioa eta arrapalak jartzeko obrak; plataforma jasotzaileak edo antzeko elementuak, eta zeinahi obra eraikinaren kanpoaldetik pegoraraino eta pegoratik igogailurainoko desnibela gainditzeko balioko duena.

Diru-laguntza jarduera osoaren aurrekontuaren % 10 izango da, eta hauek izan dira gehieneko zenbatekoak: igogailu berria jartzeagatik, 7.800 euro; igogailu zaharra kendu eta berria zero kotatik jartzeagatik edo lehen igogailurik ez zuten beste solairu berri batzuetara heltzeagatik, 5.850 euro. Igogailua ordeztu edo modernizatzeagatik, 3.900 euro; eta arrapalak, plataformak edo desnibelak gainditzeko beste obra batzuk egiteagatik, 1. 950 euro.

Fatxaden kasuan, diruz laguntzen dira eskaera egiten den urtean bertan edo aurreko urtean amaitutako obrak, eraikin bateko fatxada edo fatxadak konpontzea edo berritzea, edo fatxadak lehengoratzea helburu izan dituztenak, betiere ez badute fatxaden batasuna apurtzen eta ez badiote eraikinaren egiturari eragiten.

Hala, udal diru-laguntzaren zenbatekoa hiru aukera hauetatik txikiena izango da:  jarduketa-kostuaren % 10; berriztutako fatxada metro koadro bakoitzeko 5 euro; edo 10 euro fatxada metro koadro bakoitzeko, fatxada berriztatzeaz gain, eraikinen inguratzailearen isolamendu-obrak egin eta urteko energia-eskaera murrizten bada; modu horretan, eraikinen eraginkortasun energetikoa hobetzea xede duten lanak saritzen dira.

Azken kasu horretan, berriztu ondoren, eraikinak, gutxienez, C kalifikazio energetikoa lortu behar du edo obra egin aurretik zeukan kalifikazio energetikoa bi letretan hobetu behar du.

Azkenik, fatxaden diru-laguntzari % 20ko diru-kopuru bat gehitu dakioke, aparteko kasuetarako; esaterako, erakunde publikoek hartaratuta, hura berriztea beharrezko balitz, eta baita —hau da aurtengo deialdiaren berritasunetako bat— eraikineko amiantoa erretiratu beharko balitz ere.