Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Astelena frontoiko etxearen zaharberritze-obrak 717.000 eurotan adjudikatuta

Astelena frontoiko etxearen zaharberritze-obrak 717.000 eurotan adjudikatuta

Astelena frontoiko etxea.

2018/04/25

Lanak urte amaierarako egongo dira bukatuta, eta aukera emango dute Isasi kaleko eraikin hori berreskuratzeko Udalaren jarduera edo zerbitzuetarako.

Astelena frontoiaren bizitegi-moduluaren egitura sendotzeko eta fatxada zaharberritzeko lanak hemendik hilabete eta erdira hasiko dira eta urte amaierarako edo 2019ko urte hasierarako amaituko, Udalak lanen exekuzioa Artzamendi enpresari joan den astean 717.004,09 eurotan (BEZa barne)  eta zazpi hilabeteko epearekin adjudikatu ondoren. Hirigintza-ekimen honek bidea emango du udal jabetzaren higiezin hori berreskuratzeko, eta, egokitu ondoren, Udalak erabakitzen dituen zerbitzuak emateko; gaur egun eraikina —Isasi kalean kokatua eta frontoiari txertatua— ez da erabiltzen.

Proiektuan planteatutako obrak —udal eraikinen hobekuntza-jardueren barruan sartuak— hauexek dira: kaltetuta dauden instalazioen egokitzapena, fatxada zaharberritzea, solairuak eraistea estalkia barne, eta solairuak zaharberritzea, instalazioetarako pasabidea eta igogailu baterako zuloa lagata. Halaber, fatxada eraberritzean, jatorrizko elementuak aprobetxatuko dira haien konposizioaren eta babes-mailaren arabera, euri-urak ebakuatzeko sare berri bat egingo da, eta aurreikusten da ur beltzen sare bat egitea.

Esku-hartuko den azalera guztira 640 metrokoa da: sotoari dagozkionak (113 metro koadro),  beheko solairua (225 metro) eta lehen eta bigarren solairuak (haietako bakoitzak 193 metro kuadro). Lanak gauzatzeko epea zazpi hilabetekoa da, behin adjudikazioa eman ondoren.

Proiektuan ez da jasotzen eraikina zehazki zertarako erabiliko den, haren helburua eraikinaren egoera kaskarra egitura sendotuz konpontzea baita. Nolanahi ere, Udalak oraindik eraikinari zer erabilera emango zaion erabaki ez badu ere, azken hilabeteetan Berdintasunaren udal arloan eta Emakumearen Mahaian eskuartean izan dute eraberritutako eraikinean Eibarko Emakumearen Etxea (Andretxea) kokatzeko aukera; bere garaian, Miguel de los Toyos alkateak egokitzat jo zuen ideia hori, kontuan hartuta zenbat ekimen eta jarduera egiten diren eta, ondorioz, leku handiago baten premia dutela. Edonola ere, azken erabakia Udalaren esku egongo da.