Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Astelena frontoiari atxikitako udal eraikinaren zaharberritze lanak

2018/01/03

Udal eraikinak hobetzeko jarduketa honen aurrekontua 845.734 eurokoa da eta obrak egiteko epea sei hilabetekoa.

Astelena bizitegi-moduluaren egitura sendotzeko lanak eta fatxadaren zaharberritze-lanak urtarrilean irtengo dira lizitaziora 845.734,97 euroko aurrekontu batekin eta sei hilabeteko epea izango da obrak gauzatzeko. Hirigintza esku-hartze honek udalaren jabetzako eraikina berreskuratzea ahalbidetuko du, ondoren Udalak erabakitzen dituen zerbitzuetarako erabilia izan dadin; izan ere, Isasi kaleko eraikina, frontoiari atxikia, gaur egun ez da erabiltzen.

Proiektuan planteatutako obra, udal eraikinak hobetzeko jardueren barruan sartua, lan hauek aurreikusten ditu: kaltetuta dauden instalazioak egokitzea, fatxada egonkortzea, solairuak botatzea, estalkia barne, eta solairu berriak egitea, instalazioen pasabideak eta igogaluaren zuloa aurreikusiz. Halaber, fatxadaren zaharberritzean, haren jatorrizko elementuak aprobetxatuko dira osaeraren eta babes mailaren arabera, euri-urak husteko sare berri bat egingo da eta hondakin-uren sare bat aurreikusten da.

Eraikina ez da egokituko erabilera jakin baterako; helburua izango da haren egitura sendotzea, nahiko egoera txarrean baitago. Hortaz, fatxada berriztuko da eta solairu diafano berriak egingo dira jatorrizkoen eskemari jarraituta. Halaber, aurreikusten da igogailu bat egiteko posibilitatea solairuen arteko irisgarritasuna konpontzeko.

Eraikinaren azalera 640 metrokoa da guztira: sotoa (113 metro koadro), beheko solairua (225 metro) eta lehen eta bigarren solairuak (193 metro bakoitza).

Udalak eraikin honek izango dituen erabilerak oraindik erabaki ez baditu ere, azken hilabeteetan Udaleko Berdintasun sailaren eta Emakumearen Mahaiaren barruan gogoeta egin da eraberritutako eraikinean Eibarko Emakumearen Etxea (Andretxea) jartzearen posibilitateaz; ideia hori egokitzat jo zuen bere garaian Miguel de los Toyos alkateak: “Emakumearen Sailak egindako lanaren ondoren, ikusita garatutako jarduerak eta ekimenak nola hazi diren, eta, ondorioz, kontuan hartuta espazio gehiagoren beharra dagoela, uste dut eraikin honek sortzen duen aukera ezin dela alferrik galdu. Nolanahi ere, 2018an erabakiko dira zein izango diren erabilera horiek, baina konfiantza daukat talde politikoak gai izango garela herriko kolektiboek Berdintasunaren defentsan egiten duten eskaria gure gain hartzeko. Nik, behintzat, uste dut aukera hori denok aprobetxatu behar dugula".

etiketak: obra, Astelena, Isasi, lizitazioa