Astelena frontoian hilaren 24an jokatuko den San Juan eguneko pilota-jaialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte Udalak eta Aspek

Astelena frontoian hilaren 24an jokatuko den San Juan eguneko pilota-jaialdiaren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

Astelena frontoian hilaren 24an jokatuko den San Juan eguneko pilota-jaialdiaren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

2023/06/20

Buruz buruko partida nagusian Aitor Elordi egungo txapelduna eta Elezkano II.a lehiatuko dira. Binakako beste bi partidetan Egiguren V.a eta Rezusta arituko dira Mata eta Zabaletaren aurka, eta Victor eta Arbizu Exposito eta Bikuñaren aurka

Astelena pilotalekuan jokatuko da larunbat honetan, ekainak 24, Eibarko San Juan eguneko esku-pilota jaialdia, 17:00etatik aurrera. Bertan, hiru partida jokatuko dira, tartean Elordi egungo Buruz Buruko txapeldunaren eta Elezkano II.aren arteko partida nagusia.

Eibarko jaietan klasikoa den eta urteko pilota-egutegi garrantzitsuenetako bat den hitzorduaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur Jon Iraola Eibarko alkateak, Iñaxio Errandonea ASPE enpresako zuzendari komertzialak eta Aitor Elordi egungo Buruz Buruko txapeldunak.

Jaialdia Egiguren V.ak eta Rezustak Mataren eta Zabaletaren aurka jokatuko duten binakako partidarekin hasiko da. Ondoren, Elordi eta Elezkano II.aren arteko buruz buruko partida nagusia jokatuko da (4 t´erdiko San Fermin Torneoren parte da partida hau); eta azkenik, Victorrek eta Arbizuk Espósito eta Bikuñaren aurka jokatuko dute.

Ekitaldiaren aurkezpenean, Jon Iraola Eibarko alkateak zera nabarmendu du: “Pilotaren Katedralak esku-pilotaren egutegiko hitzordu garrantzitsu hau hartuko du beste behin”, eta, horren haritik, eskerrak eman nahi izan dizkio ASPE enpresari, “egindako ahaleginari esker, berriz ere, Eibarren une honetako pilotaririk onenak elkartuko direlako, Eibarrentzat hain bereziak diren egunetan”.

Iraola ziur da “pilotaren betiko jarraitzaileak, bai eibartarrak bai kanpotarrak, jaialdira etorriko direla eta, aldi berean, Eibarko jaiekin disfrutatuko dutela”. Alkatearen esanetan, ekitaldi honek agerian uzten du “sanjoanetako jai-egitarauak aisialdiaz eta dibertsioaz gain, hainbat kirol hitzordu ere jasotzen dituela, sanjoanetako jai-programazioa erakargarriago egiten dutenak”.

Bestalde, Iñaxio Errandonea zuzendari komertzialak adierazi duenez, “gure helburua kirol-hitzordu hori Sanjoanetako programazioan sartzea da, herritarrek hiriko jaietako parte gisa senti dezaten, egun hauetan Eibarko hainbat tokitan egiten diren jardueretako bat gisa. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu partidu honetara bertaratu eta jai giroaz gozatzen jarraitzera.”.