Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Astelehenean zabalduko dira haurrentzako jolas-parkeak segurtasun- eta higiene-neurriak beteta

Berdintasunaren pasealekuan dagoen jolas-parkea.

Berdintasunaren pasealekuan dagoen jolas-parkea.

2020/06/21

Berrogei parke eta aire librean ariketak egiteko hiru toki berriz ere zabalik egongo dira, alarma-egoeraren amaierarekin bat. Polonia Etxeberriako haur-parkea osorik berriztu da, eta gune berri bat egin da Ubitxan aire librean ariketak egiteko.

Eibarko haur-parkeak datorren astelehenean, hilak 22, zabalduko dira berriz ere, COVID-10aren alarma-egoera indarrean sartzearekin bat, martxotik itxita egon ondoren. Guztira 40 dira Eibarren dauden haurrentzako jolas-parkeak, hainbat gune eta auzotan banatuak.

Alarma-egoera amaitu ondoren, neska-mutikoek berriz ere parkeak erabili ahal izango dituzte, baina segurtasun- eta higiene-neurriak eta bermeak hartuta; horien artean, instalazioak aldiro desinfektatzea, erabiltzaileen arteko tarteak zaintzea, edo, tarte horiek uzterik ez dagoenean, maskarillak erabiltzea. Betiere saihestu beharko da pertsona asko elkartzea. Eibarko Udalak dei egiten die gurasoei edo adin txikikoak euren kargu dituzten pertsonei, arduraz jokatzeko neurri horiek bermatze aldera.

Udaltzaingoak, Zerbitzu sailak eta Mankomunitateak jaso dituzte dagoeneko beharrezkoak diren instrukzioak, parkeak egoki erabiltzen direla bermatzeko eta neurriak aplikatzeko.

Era horretan, beste pauso berri bat emango da arintze-fasean. Azken asteetan, hainbat zerbitzuk, hala nola, ostalaritzak, komertzioak edo kultur eta kirol jarduerek berriz ere martxan hasi dira eta “normaltasun berrira” itzultzen ari dira segurtasun-neurri guztiak hartuta, betiere.

Haur-parkeez gain, astelehenean zabalik izango dira aire librean ariketak egiteko makinen instalazioak, hain zuzen ere, Amañan (Berdintasunaren pasealekua) eta Azitainen daudenak. 

Parke berriak

Aurrekoarekin batera, bi instalazio berri abian jarriko dira.

Batetik, Polonia Etxeberrian (Rioja tabernaren parean) dagoen haur-parkea osorik berriztu da. Urbabil 2000 enpresak, 20.417 euroko inbertsio batekin, parkea eraberritu du, eta jolas berriak jarri (ziburuak, txirristak eta beste egitura batzuk); zoruak ere zaharberritu egin ditu.

Eta, bestetik, gune berri bat sortu da aire librean ariketak makinetan egiteko Ubitxan dagoen parkean (Polonia Etxeberria eta Unberako igoeraren arteko bidegurutzean dagoen plazoletan).  Instalazio horren kostua, Amañan eta Azitainen daudenei gehitzen zaiena, 20.711 eurokoa da, eta lanak Hags-Swelek enpresak egin ditu.