Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Asteburuan Udaltzaingoak Eibarko zortzi tabernari zigor-espedienteak zabaldu dizkie pandemiaren aurkako dekretua ez betetzeagatik; hogei bat pertsonak ere jaso dute zigorra

Udaltzaina, trafikoa zuzentzen (Artxiboko irudia).

Udaltzaina, trafikoa zuzentzen (Artxiboko irudia).

2020/11/04

Miguel de los Toyos alkateak kutsatu kopuruaren datuak “kezkagarriak” direla dio eta norbanakoaren eta taldearen erantzukizunerako deia egin du.

Eibarko Udaltzaingoak zehapen-espedienteak ireki dizkie asteburuan herriko zortzi ostalaritza-establezimenduei, Covid-19 pandemiaren eragina murrizteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-araudia ez betetzeagatik. Tabernez gain, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hogei bat pertsonari ere zehapen-espedienteak ireki dizkiete araudia ez betetzeagatik.

Ostalaritza-establezimenduei jarritako zortzi espedienteak, batik bat, honako arrazoi hauengatik ireki dira: terrazetan baimendutako mahaiak baino gehiago edukitzeagatik, maskarilla jarri gabe egoteagatik edo sei pertsonatik gorako taldeak egoteagatik. Ez da egon salaketarik establezimenduen itxiera-ordutegia ez betetzeagatik. Banakako zehapenei dagokienez, arrazoiak izan dira etxeratze-agindua ez betetzea, botiloiak egitea eta musukoa ez erabiltzea.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak, datu horiek jakin eta gero, bai eta azken egunotan kutsatu-kopuruen zifrak ere, hauxe esan du: “Oro har Eusko Jaurlaritzak ezarritako araudia bete arren, gutxiengo batek —handiegia dena— ez du betetzen; eta, nahiz eta argi laga zer egin daitekeen eta zer ez, oraindik ere batzuek ez dituzte arauak betetzen, batez ere, aisialdian eta harreman sozialetan”.

Alkatearen iritziz, “jendeari kostatzen ari zaio neurriak betetzea”, eta, ondorioz, “Eibarren kutsatuen kopuruak goraka egin du modu kezkagarrian”. Eta, horren harira, esan du “hau ez dela konpontzen isunekin, baizik eta erantzukizun indibidual eta kolektiboarekin; eta jendeak aholku guztiak betez”.

Miguel de los Toyosek ohartarazi du “datu epidemiologikoak gora egiten ari direla" eta “ez badugu gure erantzukizuna gure gain hartzen, seguru asko neurri murriztaileagoak hartu beharko direla”.

Erlazionatutako edukiak