Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Asteartean, hilak 20, trafiko aldaketak egongo dira, Espainiako Itzulia dela-eta

Espainiako Bueltaren 75. edizioko eslogana.

Espainiako Bueltaren 75. edizioko eslogana.

2020/10/17

Arraterako sarbideak itxita egongo dira ibilgailu zein pertsonentzat, eta trafiko-murrizketak izango dira herri barruan. Hainbat kaletan aparkalekuak kendu eta haien ordez beste leku batzuk jarriko dira.

Datorren asteartean, hilak 20, Espainiako Bueltaren 75. edizioko lehen etapa Eibartik igaroko dela-eta, hainbat aldaketa eta muga izango dira ibilgailuen eta pertsonen mugimenduan, bai eta lasterketa igaroko den eremuetako aparkalekuetan ere. Aldaketa horien berri Udaltzaingoak emango du bide publikoan jarriko dituen seinalizazioen bidez; kasu batzuetan, aldaketok igande gauean hasiko dira.

Etapa Irundik astearte eguerdian irten ondoren, Arrateko helmugara 17:00etan iristea aurreikusten da; lasterketa 16:29an pasatuko da Eibartik lehen aldiz, eta 17:00etan bigarrenez, Arrateko helmugarako bidean. Lehen aldian, lasterketa Elgetatik iritsiko da Eibarrera, Ipuruako futbol-zelaiaren atzealdetik sartu eta Untzagara jaitsiko da. Handik, saihesbiderantz abiatuko da, San Andres pasealekutik eta Legarretik, Gipuzkoarako noranzkoa hartuta.

Bigarren aldiz, 17:00etan, baita ere Elgetatik sartu eta futbol-zelaiaren ostetik igarota, Untzagara jaitsi eta San Andres pasealekutik Arraterako bidea hartuko du Legarre eta Arratebide kaleetatik.

Lasterketari bidea errazteko eta pandemiaren ondorioz jende-pilaketak saihesteko, debekatu egingo da ibilgailuak eta oinezkoak Arrate aldera joatea etaparen amaiera ikusteko. Baimendutako ibilgailuak (ikastolarako autobusak, baserrietako egoiliarrak edo Ixua eta Arrateko ostalaritza-establezimenduetako langileak) bakarrik igaro ahal izango dira, 14:30ak arte. Lasterketa igarotzen den unean trafikoa etengo da, 15:00etatik 18:00etara gutxi gorabehera, eta, ondorioz, ordutegi horretan ibilgailurik ez erabiltzea gomendatzen da.

Aparkalekuei dagokienez, hauek izango dira mugatuko diren tokiak: Azitaingo poligonoa, ezkerreko aldea zirkulazioaren noranzkoaren arabera, hilaren 18ko (igandea) 22:00etatik hilaren 20ko (asteartea) 21:00etara; Arrate, hilaren 18ko 18:00etatik hilaren 20ko 21:00etara; eta lasterketa igarotzen diren kaleak (José Antonio Mogel, Elgetako errepidea, Sostoatarren, Juan Gisasola, Untzaga Plaza, San Andres pasealekua, Egogain, Legarre eta Arratebide), hilaren 20ko (asteartea) 6:00etatik aurrera.

Aparkalekuen murrizketaren inpaktua gutxitzeko, Ipuruako futbol-zelaiaren parking berria (anexoaren azpian) eta Txaltxa Zelaiko parkea ezarri dira aparkatzeko ordezko gune gisa. Bi gune horiek hesi eta informazio-kartelen bidez behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta urriaren 19ko (astelehena) 08:00etatik urriaren 20ko (asteartea) 22:00etara aparkatu ahal izango da.

Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko, Udaltzaingoak edozein kontsultari erantzungo dio 943708424 telefonoan.