Eibarko Udala
asfaltatze plana

Asfaltatze-lanak egingo dira Eibarko San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urki kaleetan

2026/01/07
Artxiboko argazkia.Urki 23-21.

Lanen helburua jende asko ibiltzen den kaleetako zoruaren segurtasuna eta egoera hobetzea da.

Datozen asteetan, Eibarko Udalaren asfaltoa hobetzeko planaren bitartez,  herriko hiru kaletan egingo dira lanak: San Kristobal, Polonia Etxeberria eta Urkin.

Berritze-jarduketa horiek San Kristobalen (Sostoatarren eta Ubitxaren arteko bidegurutzean), Polonia Etxeberrian (24 zenbakiko pegoraren eta Antonio Iturrioz kalearen artean) eta Urkin (23 eta 21 pegoren artean) egingo dira. Guztira, 4.500 m koadrotik gorako azalera asfaltatuko da.

8 beharginek osatutako taldea arituko da 8 astez lanean. Esku-hartzearen aurrekontua guztira 199.380,50 eurokoa izango da, BEZa barne.

Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, “horrelako esku-hartzeak funtsezkoak dira herriko kaleak egoera onean egon daitezen eta segurtasuna eta erosotasuna, bai oinezkoena bai gidariena, hobetu dadin”. Iraolak dioen legez, “egunero jende askok erabiltzen dituen kaleak direnez, ahalik eta azkarren ekin behar zitzaien lanei”.

Bestalde, “badakigu mota honetako lanek trabak eragin ditzaketela, baina beharrezkoak dira, eta planifikatuta daude ahalik eta kalte gutxien sor dezaten. Helburua da kale seguruagoak, erosoagoak eta hobeto prestatuak izatea, herritarrek egunero erabil ditzaten”. 

Pedro Escribano Obretako zinegotziak azaldu du proiektuak arreta berezia jartzen duela lanak egiten diren bitartean bermatu beharreko segurtasunean. “Oinezko eta ibilgailu ugari ibiltzen dira gune hauetan, hortaz, behar bezala seinaleztatuko dira, hesiak jarri eta norabide-aldaketak egingo dira, trabak murriztu eta bizilagunen, merkatarien eta langileen segurtasuna bermatzeko”, adierazi du.

Eraikuntza-lanetan segurtasun eta osasun arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, lanak egingo diren guneak oso ondo mugatuta eta seinaleztatuta egongo dira, eta une oro izango da pegoretarako eta komertzioetarako sarbidea.  Horrez gain, langileei dauden arriskuen eta prebentzio-neurrien berri emango zaie, eta etengabe gainbegiratuko dira seinaleztapena eta makinen funtzionamendua.

Udalak egoera ulertzeko eskatzen die herritarrei, izan ere, trafikoan gorabeherak eragin ditzakete aipatutako lanek, baina, era berean, kale seguruagoak eta baldintza hobekoak ekarriko dizkigute.